Haizearen Kobazuloen bila

septiembre 6th, 2010 by Sabino

Joan den aste honetan, taldeko pare bat kide Kilimon haranean (Aran erreka) izan ginen, bailararen goialdean, haizearen kobazuloen bila. Haran polit honetako ibilbidetik gertu beste kobazulo asko ere ikusi genituen. Azken basartean, begetazio eta errekak jartzen zizkiguten oztopoak gainditu behar izan genituen aho putzegilera heltzeko.

KATAOLAZA-ko kobea:

Haizearen kobazuloa izenez ere ezagutzen da barrunbe hau. Oraingoz, topografiatutako 20 metroko desnibela eta 890 metroko garapena du, baina argi dago jarraitzen duela. Errekaren eskuin ertzean dago eta bertan aurkitzen da ere Kataolazako ur-zuloa; aspalditik dago egiaztatuta honen konexioa Mendaroko Mala ur-sorburuarekin.

Barrunbe honek hiru atal ezberdinak ditu: hasierako makur galeria, hurrengo galeri fosila “Galería de las Maravillas” deitzen zaiona eta azkenik galeri aktiboa edo errekarena.

Orden hau jarraituz, hasieran etengabeko ehun bat metroko katazulotik, galeri eder eta lasaigarri batera sartzen gera, konkrezio dotorez apainduta. Azkenean ikaragarrizko erreka galerian bukatzeko, honek mila metrotik gorako garapenekin, material oso ezegonkorrekin eta jarraitzeko arrisku handiekin.

EBRO-ko leizea:

19 m-ko desnibel bertikal eta 40 m-ko garapen.

Mendaron jaiotako tipo baten histori bitxi bat kontatzen dute bertako zaharrek: soldaduska egiten ari zenean Ebro ibaia ezagutu zuela eta egun horietako batean, errekak gainezka egin zuen Garagarza auzoa urperatuta geldituz. Kilimoneko pasealekutik gertu, leize batetik hainbeste ur ateratzen zenez, hau esaten zuen: “Jan, bertan Ebro” eta orduz geroztik, “Ebroko zuloa bezala ezagutzen da.”

Leize txiki hau Kilimoneko bailararen barrenean dago, Lizarrola eta Errementariko baserrien artean. Barrunbe honek garrantzia du lurpeko emaria jakiteko; izan ere, errekak karga handia duen garaian ur-sorburu bezala bihurtzen da, hau da, “trop pleins”.

19 m besterik sakontzen duen sima honetan azpimarratzekoak dira bai hasiera, blokeen multzo kezkagarri batez osatua eta baita bukaera, sifoien putzuan kokatzen den gela handia.

 IRABANETA-ko Kobea:

30m-ko desnibela eta 545m-ko garapena. Gaur egun, kobaren atea itxita dago eta sarbidea debekatuta.

Errementari baserritik oso gertu dagoen zulo honek Kilimonen 310 metroko zirkulazio zati lokabea da, hasierako azaleratzen den sifoia eta bukaerako isurbidearen artean. Horregatik, hurbiltasunengatik eta 6 metroko desnibela dagoenez, ez litzateke zentzugabekoa izango Errementariko ur-sorburuekin komunikatua egotea.

Hasierako sifoi bertatik, azaleratzen den ura presa eta kanalaren bidez Mendaroko tratamendu zentraleraino desbideratzen da Behe-Debako hainbat lekutan hornitzeko.

ERREMENTARI-ko urzuloa:

Kilimonen uharka ondoan dago ur-sorburu txiki hau, bere eskuinaldean, eustormen artean sartua. Metro gutxiko arrapala batez ur putzu batera iristen da, itxuraz garai batean abereak edanarazteko erabiltzen zena eta 4 m ondoren sifonatzen da.

Aran errekako bailara atzean utzita eta arratsaldea hobeto aprobetxatzeko Aizarnara hurbildu ginen, Ertxina mendiaren bertan Javik hainbat barrunbe aurkituta zeuzkan eta horietako errazenetatik pare bat erakustea nahi zizkidan.

 AUTZO-ko kobea:

6 metroko desnibela eta 26 metroko garapena. Aho handikoa eta maldaz behera proportzio handiko gela batera jaisten da, bizi-baldintza ezin hobeagoekin. Metro karratu bateko kata bat ikatz hondarrekin aurkitu degu.

 KOBA ZULO:

Hau ere barrunbe txikia, aurrekoa baino sarrera askoz txikiagoa duena. 4 metro desnibeleko arrapala batez 35 m jaisten da. Gaur egun zabortegi baten itxura du. Sarreran kalzitako bloke handi baten arrastoa dago eta (Dicc. Geográf. e Histórico de la Real Academia de la Historia, 1802.-Diccionario de Madoz, 1847.-Cavernas y Simas de España, de Puig y Larraz, 1894) kontatzen zuena: Ertxinako koba edo harrobi batetik 1775’an zera atera zuela “piedras de cristal blanco transparente”, horietatik bat “tenía una vara de largo, tres cuartas de ancho y más de 20 pulgadas de grueso, la que fue destinada para el “Real gabinete de Historia Natural de Madrid” izan liteke.

La Leze (udako bigarren aldia)

septiembre 2nd, 2010 by Sabino

Uda honetan bigarren aldiz izan gera La Lezeko arroilan. Joan den larunbatean, eguraldi kaxkarrarekin, taldeko bost kide (argazki sekzioan gabiltzanok) elkartu ginen akzioaren bila eta hau nola plasmatu bi neurritako planoan.

Ohiko bidetik joan beharrean horma azpiko bariantea hartu genuen zuhaitzetatik rappel batzuk jaisteko.

Arroilen ahotik ze emari zeraman ikusi eta argazki-akzioen plana burutzen hasi ginen. Ona hemen argazki bat ateratzeko emandako pausoak:

Gure argazkian azalduko den protagonista Mikel, rappelatzen ari bazen bezela, sokan blokeatuta, aginduen zain.

Bai Sergio argazkilaria eta baita zeraman kamara tripodeekin serio eta ondo anklatuak, posizio egokien bila.

Ainara, iluminazioko teknikoa bezela, beheko marmitatik, aktorearen bizkarrera kontrargia botatzen.

Sabino, iluminazioko laguntzaile bezela, marmitaren urpeko sakona argitzen, urari kolore berdea emanez.

Eta gainaldean Emilio, iturgintza tekniko bezela; alde batetik etzanda, errekaren isuria taponatzen, uraren pasoa kontrolatzeko eta kameran objektiboa irekita zegoen bitartean ur pertzakadak Mikelen aurpegira botatzen.

Eta dena prest zegoenean, hauek emandako aginduak:

-       Aina, ikusten zaitut, mugitu Mikelen bizkarraldera, pixkat gorago, bale, bale!

-       Sabino, argia bakarrik ikustea nahi det, ezkutatu zaitez harkaitz atzealdean!

-       Mikel erne!

-       Benga Emilio, URAAA, bota URA!

BRRRUUUUNNNBBBAAA (kriston ur emarien saltoa Mikelen gainera)

Arratsaldeko hiruretan azaldu ginen beste aldetik, eta dezente hobetu zuen eguraldia, baita gure humorea.

Txango honetako argazki gehiago ikusteko aukera Espeleofotoko orrialde honetan daukazue:

www.flickr.com/photos/rupo/sets/72157624851392240/show/

 

GILTZARRITURRIko koba

agosto 31st, 2010 by Sabino

Taldeko bi kide izan gera aste honetan, aspaldiko partez, haitzulo hau bisitatzen. Goiz-txango bat antolatu genuen eta ondoko eremuen prospekzioa utzi genuen arratsalderako.

Haitzulo hau Aian dago eta Zazpiturri izenekin ere ezagutzen da. Orioko mendatera doan errepideko “Izkialde” baserritik 400 m mendebaldera. Giltzaiturri errekaren ur-sorburuko haitzuloa da.

Barrunbe honen gainaldean (5 m gorago) aterpe handi bat aurkitzen da harkaitzean. 1980an Azpeitiko Antxieta taldeko kideak, kata bat egin ondoren, aztarna litiko-gintzak aurkitu zituen, Goi Paleolitokoak dirudienez.

Giltzaiturriko ahoa, 2 metroko zabalera eta 3 metroko altuera du. Sarreraren ezkerraldean, ura biltzen duen hodi bat dago. Atariko gelaren bukaeran sabaia makurtzen da eta katazulo bihurgunetsua zeharkatuz galeri handi eta zabalera iristen gera.

Hasieran galeri lehorrean gaude, zorua bloke handiz josia eta bidea jarraitzeko gainditu behar direnak. Hainbat galeri txikiagoak utziko ditugu bi aldeetan.

Gutxi gora behera 200m-z ibili hondoren, lurrazpiko ibaia agertzen da eta meandro batetik bideratuko gaitu. Pixkanaka galeria estutzen joango da eta ur nibelak belaunetik gora bustiko gaitu makina lekutan. Galeri nagusi hau apaindutako eta gours askoko areto batean bukatzen da. Itxuraz esplorazioari bukaera eman behar zaiola dirudi, baina urrats batzuk atzeraka, eskuinaldean eta blokeen artean, orain dela pare bat urte egindako desblokeazioekin, pasoa garbitu genuen beste galeri deseroso batetik jarraitzeko, hemen bai gerria bustiko degula.

Bitxikeriez apaindutako galeri handi baten sartuko gera (eszentrikak, zutabeak, kaltzitan loreak, estalagmita eta estalaktitak…), aurreko galerien baino sabaia makurragoa, meandriformea eta errekaren bidea jarraituz, txoko askotan arrastaka ibili behar dena.

Azkenean, kilometroko garapena gainditu eta, ur jauzi txiki batzuk igo ondoren amaierekin topatzen gera erreka sifonatzen den lekuan.

Goizeko txangoa bukatu eta Aian bazkaldu ondoren, Orioko mendatera abiatu ginen, harrobiaren ondoan aparkatu eta Ibarrola errekaren dolinak aztertzen hasi ginen. Jarraipenik gabeko hondorapen bat eta tamaina handiko beste isurtegi-leizea aurkitu genituen. Progresio bertikalerako materialik gabe joan ginenez gero, sarrerako maldak eta ur-salto txikiak ikusteko aukera bakarra izan genuen.

 

Urtiagako ur-sorburua, Kobalde eta Jentiletxetako kobak

agosto 30th, 2010 by Sabino

Oporretako aste honetan taldeko bi kide egun pasa abiatu ginen Deba aldera espeleo-txango bat egiteko asmoekin. Itziarren hasi eta Mutrikuko Olatz auzoan bukatu. Udara denez eta uraren emari txikia aprobetxatuz, ur-sorburuak eta isurbideak izan ziren aukeratutako barrunbe aproposenak.

Urtiagako ur-sorburua:

Mendatako trokaren buruan eta autopistaren zubitik ipar-ekialdean 50metroko distantziara eta 25m altueran dago kokatua. Barrunbearen garapena 352metrokoa da eta 15metroko desnibela du.

Kobaren diseinua hasieran MHM-koa da gero M-ko norabidea jarraitzeko. Galeriaren lehen 70 metroak kanalizatuak dira, 1,5 m-ko zabalera eta 2,5 m-ko altuera, U alderantzizko sekzioekin eta autopista azpitik pasatzen da. Haitzuloaren galerian sartzeko 3 metroko ur-jauzia gainditu behar da. Kareharrizko horma trinkoak ditu estalaktita eta estalagmitaz apainduak. Galeria (2-3m-ko zabalera eta 4-5m-ko altuerakoa da) erraz ibiltzekoa, nahiz eta ur-jauzi txiki batzuk gainditu behar diren. Horrez gain, badira bi aldeetan goraka doazen beste galeriatxo batzuk tximinietan berehala bukatzen direnak.

Zelaietako muino azpitik pasatzen da eta pixkanaka horizontala bihurtzen da. Bukaeran urperatuta gelditzen da galería sifonatu arte.

Ahotik irteten den ura Mendatako beheko sakonera erroizten da iparralderantz jarraitzeko.

Kobalde:

Olatz, gutxi gorabehera, bi kilometroko bailara itxia da, Arnoko mendigune barnean kokatua.

Lengoaia geologikoan Olatz “polje” bat da, hau da, bailara itxura duen depresio karstikoa, mendialde malkartsu eta lurzoru zapala duena. Olatzen ezaugarri geologikoen artean, lurzoru karstikoan sortzen diren dolina edo hondoratze zirkularrak daude.

Bailara azaleko urak iragazten direnez, lur-azpiko sare bat sortzen da eta hortik, ura igarotzen da. Horren adibidea da San Isidro ermitaren inguruan dagoen eta Kobalde izenarekin ezagutzen den koba. Hara sartzen den errekak Arnoko mendigunea zeharkatzen du eta bere urak Deba itsasadarrean isurtzen ditu, Astigarribiako auzoan.

Leize honek 45 metroko desnibel eta 575 metroko garapena du.

Bizpahiru hilabete pasa dira Javi eta Jorge izan zirenetik. 500 metroko garapena lortu zutela eta oraindik esploratzeko galeri gehiago gelditzen zirela adierazi ziguten. Asmo horrekin joan gara baino gaurko honetan eta tartean izandako euri-jasekin, bai sarrera eta hurrengo katazuloak, enbor, adar eta zerrikeriez taponatuta zeuden eta kostata zabaldu genituen. Gure esperantza laster bukatu zen lehengo malda bertikalak jaitsi ondoren, jarraipena hondar eta harriekin blokeatuta aurkitu genuelako. Beste baterako utzi beharko degu, ea zorte pixka batekin ur korronteak garbiketa guzti hori lortzen duen…

Jentiletxetako Kobak:

Historiaurreari dagokionez, bertako biztanleen hondakin arkeologikoak aurkitu ziren inguru honetako kobazulotan. Koba hauek Jentiletxeta (I, II eta III) dira. Hirurak lapiaz ingurutsu batean daude kokatuak, zati batez kantauri artadiez sakabanatuta eta horrek ematen dio forma Arrigorrieta mendi bizkarrari. Hau Mendibeltzuburu mendiko hego-mendebaldeko magalean dago, bertan antzinako etxola baten hondarrak ikusi ahal izango ditugu.

Jentiletxeta I:

Aipatutako bordatik, ekialdeko 100 metrotara dago, kareharrizko banku handi baten azpian eta artadi baten basoan. Dolina handi bat agertzen da bere oinetan eta honen ertz batean Aritza (Ziñua) baserria, hemendik ere abiatu liteke kobaren bila. 260m-ko altueran kokatua. Galeri estu bat da, “S” tankerakoa, 2 m-ko zabaleko sarrera eta 3,5 metroko altuera. 14 m-ko luzera, hego-mendebaldera begira. 1927an aurkitu zuten eta egoera ona du. Brontze Neolitiko hainbat material aurkitu ziren, zeramika nahi harrizko tresnak (gezi, karraka, malutak, etab), apaingarriak (harri bitxiak, oskola zulatuak, etab.), antropologikoak (hortzak), fauna (ugaztun eta moluskuen fosil aztarnak).

Jentiletxeta II:

Aurrekoaren ondoan dago eta 1927an aurkitua ere. Bere indusketa 1936an hasi zen, baina gerra zibilengatik gelditu behar izan zuten. Sarrerak 2 metroko zabalera eta 3,5 metroko altuera du atari batera sartzeko, eta leiho natural batekin argiztatuta dago. Gela honen behetik, galeri meandro estu batetik jarraitzen du oraindik beste 100 metroz, hego-ekialde norabideekin. Bere kontserbazio-maila ere ona da eta aurkitutako materialen aniztasuna adierazitako Jentiletxeta I. baino txikiagoa. Saguxarrak zeuden.

Jentiletxeta III:

Barrunbe hau ere karst konplexu honetan aurkitzen da, besteengandik metro gutxitara. Haitzuloaren sarrerak 0,80 metroko zabalera eta 1,75 metroko altuera du, eta galeri estu eta bihurgunetsu batera iristen da. Zorua beherantz doa eta sarreratik 15 metrora bitan banatzen da. Hemendik beste bi galeri estuekin jarraitzen du (gutxitan gaindituko du metro bateko zabalera), eta 50 m garapen osoa. 1997ko azaroaren 8an, Azkoitiko, Munibe Taldeak aztarnategia aurkitu zuen eta hainbat material arkeologiko jaso zituen azalean, zeramika zatiak batez ere. Hemen ere saguxarrak ikusi genituen.

Uarrain inguruko leizeak

agosto 23rd, 2010 by Sabino

Abuztuko oporrak ez zaizkigu oraindik bukatu eta taldean nabaritzen da (familiarekin bete beharrak). Etxe inguruan gelditu garen bakarrak, zorroan ahaztuta zeuden lantxoak burutzen gabiltza, hortara saiatu ginen larunbat bero honetan taldeko hiru kide.

Bordatik irten eta Uarrain mendi ingurura abiatuz, burutugabe daukagun leize baten ahoa zabaltzera eta etorkizunerako esploratzea pena merezi duen aztertzera.

Goizeko freskotasuna aprobetxatuz, Uiduitik aldapaz gora, nekez iritsi ginen Uarraineko maldetara. Dolinak eta leizeak dira inguru honetako erregeak.

Izkutuan gelditzen den Uarrain aldeko leizearen ondotik pasa ginen lautada batean kokatua dagoen Uarraingo eluzulora joateko. Ipar-mendebaldetik inguratutako 10 metroko harresi baten behealdean irekitzen da 12 x 4,5 m-ko diametroa duen leize zuloa. Lehen bertikalak 20 metroko sakonera du eta elurra denbora luzean gordetzen du (hortik dator bere izena). Barrunbea beste 60 m-ko desnibel eta 92 m-ko garapenekin jarraitzen du oraindik.

Gaurko txango borobila jarraituz, Uarraingo leizea 6-ren bila joan gara. Arbide ondoan kokatuz eta aspalditik itxita, ahoa oso estua zeukan, 20 x 10zm besterik ez, eta palankila baten laguntza behar izan genuen zabaltzeko. Azkenean, metro bateko arraila agirian utzi eta diaklasa batekin topatzen gera. Sarrerako lehen metroa nahiko estua eta esplotoekin lehertzea eskatuko luke, linterna batekin ikusi genuen bost metroko bertikalen jarraipena, baina ez zen haizerik nabarmentzen.

Nahiko gertu, Pagabe saroian beste leize bat daukagu oraindik esploratzeko, Pagabeko leizea, harkaitz-horma baten aho handiko hartzulotik horizontalki makurtuta sartu eta berehala asten da leizea, hau ere hasieran nahiko estua, eskalen laguntzaz gainditu zen behin eta baita aurrerago jarraitzen alegindu, hamabost metroko sokarekin, baina ez zen lurreraino iristen. Esperantzagarria dirudi.

Bueltako bidean, Lizarretako koba ere bisitatu genuen, aho zabala duen barrunbea, 8 m-ko altura eta 5 m-ko zabalera, sarreran nahiko argitxua eta garai batean bizitzeko erabilia. Barrunbeak 48 m-ko desnibelekin eta 158 m-ko garapenekin jarraitzen du.

Udako egun berotsuenetako bat izanda eta itzal gutxiko eremuan genbiltzanez, eguerdi aldera bueltatu ginen bordara Kutisao eta Txutxuta inguruetatik pasata.

Koldo sukaldariaren menua dastatuz, primerazko siesta bota genuen larunbateko otorduan.

 Uarrain inguruko leizeak

Covanegra leizea

agosto 16th, 2010 by Sabino

Cubillos del Rojo (Burgos)

Oporretako txangoekin hasteko, Espeleofotoko Ruporekin batera, talde ezberdinetako kideok (burgoseko Niphargus, valentziako Espeleo El Túnel Canals eta bertako bikotea) izan ginen Burgoseko leize polit honetan. Eskerrak eman beharko dizkiogu Niphargus talde espeleologikoko kideei, bezperan leizea instalatuta utzi zigutelako, horrela bai señorito bezala, lasai joan gintezkeela.

Herritxo hau Burgoseko iparraldean dago. Betidanik ezagutzen zen Cubillos-Levako basamortua espeleologia praktikatzeko leku bat bezala eta talde asko ibili dira lanean eremu honetan.

Barrunbe hau karst honetako interesgarriena da dauzkan galerien handitasunagatik, bere formazioen edertasunengatik eta garapenagatik.

Covanegrak galeri bakarra duela esan genezake M. HM-E. IE norabideekin, baina baditu tarteka ere bigarren mailako galeriatxoak. Koladaz josita dauzkan erdialde eta alboak garapena oztopatzen digute eta horiek saihesteko gora eta behera ibili beharra dago etengabe. Leize hau oso egokia da espeleo ikastaroak egiteko, eskola bezala.

Barrunbearen sarrerak (ahoaren neurriak 8×10 metrokoak), 31 metroko bertikal aereo harrigarria du Niphargus gela handira jaisteko (120×40 metrokoa), Burgoseko neurri handienetako bat.

Zoruan, sabaitik eroritako bloke ugari daude eta dekoratutako hormak.

Eguzki-izpiak sartzen direnez eta ahoaren tamainengatik, berdetasuna da nagusi. Landare batzuk bizi dira: garoa eta goroldioa eta bestalde animalien erresuma dagokionez, kanpoko anfibioak, saguak eta belatxingak ikus daitezke.

Gela honetatik aurrera norabide kontrako bi sektoretan banatu dezakegu leizea. Alde batetik, Hego-mendebaldeko galeria eta bestetik, nabarmen luzeagoa, ekialdekoa. Hau da jarraituko deguna. Hasieran 60 metroko luzera eta 14 metroko zabalera duen korridore baten bitartez eta goraka estutzen dioan heinean Sala de la Rampa’ra iristen gera, bide honen sabaian estalagmita lodi batzuen ondotik pasako gera. Hemendik aurrera ez degu kanpoko argi izpirik ikusiko eta ezinbestekoa da soka erabiltzea malda honen lehenengo 8 metroetan. Beste 25 metro maldaz behera jaitsiko ditugu gela txiki batera iristeko, 6 metroko aragonito formaziozko katazulo bat zeharkatu eta hemendik aurrera kolada eta estalaktita ugari ikusiko ditugu ibilbidea amaitu arte.

Beste gela handi batean gaude. Jarraitzeko, aurrean daukagun kolada erditik zeharkatu behar da, eskuin alboetan bizpahiru galeriatxo motxak utzi eta pasabide labur baten ondoren, bigarren katazuloa zeharkatu, aurrekoen antzekoa, beste gela batera ailegatzeko eta hortik aurrerago Sala de la Gran Colada-raino. Hau, eskuinaldetik zeharkatu eta goialdean dagoen galerian bi leiho aurkituko ditugu dimentsio handiko hurrengo gelara iristeko. Ezkerrekoa aukeratu eta bustita dagoen hirugarren katazuloa igaro ondoren, 4 metroko bertikal batekin topo egingo dugu galeri handira jaisteko, soka edo eskala behar da pauso hau gainditzeko. Hasieran bloke askoren gainetik ibili behar da esplorazioa jarraitzeko baina aurrerago, lur harritsuekin, meandro baten itsura hartuko du galeriak, hormetan aragonitozko formazioak izango dira nagusi. Beste oztopo batekin topatuko gera, blokeen kaos batekin eta honek ematen du ia erabat blokeatzen duela jarraipena leku txiki bat ezik. Oraindik pare bat galeri geratzen zaizkigu saihesteko eta horietako bat el paridero (leiho estua) deitzen dena azkeneko gelara iristeko, 10 metroko kolada bertikal batean bukatzen da. Gozatzeko formazio oso ederrak ikus ditzakegu, bandera bitxiak eta baita gours batzuk ere ondoan dauden galeriatxoetan.

Covanegra

Informazio gehiago:

www.niphargus.net/IMAGENES%20web/topograf%EDas/topocovanegra.jpg

www.niphargus.net/covanegra.htm

Aralarreko prospekzioa

agosto 9th, 2010 by Sabino

Joan den larunbat honetan, izugarrizko eguraldiekin, taldeko hiru kide abiatu ginen bordatik Aralarreko beste zona bat miatzera. Gipuzkoako lurpeko ondarearen balorazioekin jarraitzen ari gera eta nahiko lana geratzen zaigu oraindik eremu honekin bukatzeko.

Uiduiko bordan erabaki zen zeintzuk izango ziren jardunaldiko lokalizatzea nahi genituen barrunbeen zerrendatxoa eta ze nolako ibilbide zirkularra antolatu behar zen hori lortzeko. Gehienetan bezala, noski, bukatu ezinik gelditu zen eginkizuna.

Enirioko harbidea beheraka hartu eta Gorostintxuko leizearen bila hasi ginen, Koldoren oroipenak jarraituz (orain dela urte asko, bera izan zen behera jaitsi zen taldeko bakarra). 19 zm-ko arrail baten bila ibili ginen maldaz behera, osin eta laharren tartean ezer lortu gabe, damutu ginen galtza motxekin joan ginenok. Porrota jasota jarraitu genuen hurrengo helbururen esplorazioekin.

ELUTSETAKO LEIZEA: Kilixketa mendian, Elutsetako etxolen azpialdeko inguruan eta zubitxo natural baten babesean, estalita dagoen leize baten ahoa topatu genuen, haize asko ufatzen zuen eta etorkizunerako fitxatu dugu, ahoa garbitzeko lan dezente dauka baina baita pinta ona ere.

BELAUNTZIKO LEZEA: Bilingaratzeko saroian, sarrera handiko koba bat aurkitu genuen, eta ezaguna izango dela pentsatzen degu. Sartu eta berehala leize bertikala bezala bihurtzen da, hamar-hamabost metroko desnibela eta jaitsi gabe, emandako argiekin jarraipena ez zen argi ikusten.

KOMANSAO-ko iturria eta ondoko isurbidearen waipointak jaso genituen. Une oso garrantzitsua garai baten egindako kolorazioen ikerlanentzat.

Aralar erdialdeko zelai berdeak gurutzatu eta Beleku eta Gañeta gailurren tartetik itzuli ginen Uiduira. Jaitsierako maldan egiaztatu genuen nola segitzen zuen udaberrian zabaldutako Uidui 10’eko leizearen itxitura.

Handik oso gertu leize ezagun askoren ondotik pasa ginen eta belardi baten erdian metro erdiko beste zulotxoa ere topatu genuen. Honek esan nahi du lan asko gelditzen zaigula oraindik esploratu eta topografiatzeko.

Aralarreko prospekzioa

Malkorburu inguruko prospekzioa

agosto 2nd, 2010 by Sabino

Larunbat honetan taldeko zazpi kide ibili gara Malkorbu eta Maomendi inguruko basoa orrazten, kobazuloen bila. Eguraldia alde izan genuen eta egun onuragarria.

EspeleoGiseko programekin lanean hasteko lehen urratsak ematen ari gara eta gipuzkoako Aralarrekin hasiko gara; guretzat eremu ezagun eta errazena dena. Gipuzkoako lurpeko ondarearen balorazioan, barrunbe interesgarrien  waipointak egiaztatzen ari gara fidagarrizko GPSren laguntzaz.

Malkorburu mendiari kareharrizko bi barra paraurgoniana eta beste bi barra harea-buztin tartekatuz, mendebaldetik ekialdera gurutzatzen zaizkio. Halaber, hegoaldeko maldetan bada ere kareharrizko bigarren barra urgonianoa.

Sektore honetako barrunbe guztiak M eta H mendialdean kokatzen dira eta bi sakonune itxi eta txiki sortarazi dira. Erdialdean topatzen dira leize gehienak eta hauetatik bakarren bat besterik, egoera aktiboarekin. Malkorburuko maldetan dozena erdi bat leize aurkitu eta etorkizunerako eginkizunak zorroan jaso genituen.

Mallozuloko depresioak Mallozulogueneko leizea du gaur egun isurbidea, 10 metroko sakonerekin. Barruan sartzen den ura sakonean lotzen da Mallozuloko leizearekin eta bere 100 metroko goibeherarekin sektore honetako luzeena baita.

Aspalditik genbiltzan leize honen atzetik (sei urte daramala honen bila adierazten zuen Kokolok) eta gaurko hirugarren saiakeran aurkitu genuen orain dela hamabost urte leize honetan taldeko “gazteenak” espeleosokorrozko praktika bat egin zuenetik. Nahastuta zeuden buruz jasotako erreferentziak, basabide berriak, baita mendiko basoen itxura, orain lehen baino askoz zikina eta itxiagoa.

MALLOZULO:  sarbidea Malkorburuko gailurretik mendebaldera jaisten den depresio txiki baten behealdean aurkitzen da. Aho zabala eta maldaz behera, enbor eta lokatzez josia.

Lareoko urtegi inguruan ere izan ginen, basitzalean bazkaldu baino lehenago koba eta gaineko leizeak bisitatzen.

LAREDOKO Kobea: 750-m kotan. Barrunbe hau diaklasa batean industuta dago E-M norabidean, eta hiru sarbide ditu, bi horizontalak eta bertikala bestea, 20 x 10 metroko gela handi batera iristeko. Ezker izkinean dagoen makur zulo batetik, beste 30 metroko galeri eder batekin jarraitzen du. Gelako zorua leorra eta horizontala da, bloke eta buztinarekin jalkita, erdikaldean bloke handi bat dago kokatuta aldare baten itsuraz. Garai bateko arte diren arrastoak argi ikusten dira oraindik.

Egoaldeko sarreran zelaigune artifizial txiki bat dago lurzoru blokeekin egindakoa eta eusteko horma oinarria bezala. Barrunbe honetan zeramika zatiak eta sukarrizko xafla bat aurkitu ziren, lehen gizakientzat aterpe aproposa dirudienez.

Ubeiko isurbide zorabiagarria.

UBEIKO LEIZEA Sastarri hego-malda eta Maomendi mendiko ipar-maldaren artean itxita dagoen depresio baten behealdean kokatzen da eta kareharrizko lehen urgonianoko barra Maomendiko buztin hareatsuekin kontaktuan. Bizirik dagoen isurbidea. Bere ahotik (20 metroko putzu inbutiformea), eztarriraino sartzen zaizko aipatutako bustiezinezko lurretan osatutako bi erreketatik datozen urak, kaskada ikusgarri bat osatuz.

Ona hemen Joxemiel Barandiaranek “Agamundako izkutuki izugarriak” idazlaneko lerro batzuk: “Maumendia’ren ondoan daude Ubedi izeneko leizea eta ordekea. Leize ontan bizi izan omentziran jentillak, baxajaunek, maruak eta zezen-iduriko beste irelu batzuek. An barruan egoitza aundiak omen dira eta aietan egoten jentillak aipa ditugun ireluak. Iñoiz, inguruan dabiltzan kristauak entzuten omendituzte arpe-barrundik datozen abesti, txitu, ttunttun eta beste joare edo siñu ederrak. Bainan asko urbiltzen bazera leize-atakara, dana ixiltzen. Esaunda batek digunez, bein Ostiral-santuz, Imatzene baserriko iru anai igo omentziran Ubedi-ingurura eta leizetik urbil asi txabola eraikitzen. Iru txekor gorri leizetik irten eta txabola-egilleengana abiatu. Auek izutu eta Agauz izeneko mendigañeruntz iges. Txekorrak euren atzetik. Iru anaietan bat Agauz’ko Aldatsa deitzen diogun arratean ill omentzan; bigarrena berriz, beerago Sinolatza’ko saroian. Irugarrena iritxi omantzan Imatzene’ra; bainan, andik egun gutxi barru, bera ere ill.”

 Malkorburu

Otadiko leizea

julio 19th, 2010 by Sabino

Aurtengo lehen kontaktua izan genuen joan den larunbatean Otadiko gure leize kuttun honekin.

Azken asteburuetan bezala, eguraldi euritsu eta nahiko tristeekin esnatu ginen Aralarren; baina hori ez zen oztopoa izan txangoan parte hartu genuen taldeko bost kideentzat. Gainera horietatik hiru, berriak ginen barrunbe honetan. Beldurrik gabe, ilusio eta gogoz lurperatzen hasi ginen goizeko hamaiketan.

Hiru helburu desberdinekin abiatu ginen. Alde batetik, esploratuta dagoen eremuen topografiari jarraipena emateko, beste aldetik berriak ginenok, lehen pausoak emanez, leizea ezagutzen hasteko etorkizunera begira eta azkenik, azterketa espeleobiologiko azkarra betetzeko (zeboak ipintzen eta ehizen troglobioen bila).

Kokoloren esanetan, errekak bestetan baino ur gehiago zeramala komentatu zuen eta azkeneko bisitekin konparatuz, oso azkar ibili ginela, zulo estua zabaltzen ari bazen bezala.

Erne eta kontu handiekin mugitzeko aginduaz, bloke ezegonkorrak bere lekuan dilin-dalan jarraitzen zuten, baita beldurrezko baten azpitik pasa behar zena ere, erortzeko larrian.

Putzu bertikaletan disfrutatzen zen gehien, zabalak zirelako eta oso politak gainera, batzuk estratu dotorez jantzita zeuden, besteak gubian kolpez osatutako horma zilindrokoak zituzten, eta gehienak bukaeran ihes egin beharreko marmitak zituen.

Poliki-poliki, sugearen mugimenduak ihakindatuz eta estutasunak pasa ondoren, beheko kotaraino iritsi ginen orekazko putzuraino.

Berrehun bat metroko desnibela erraz gaindituta (ikusi behar oraindik topoen azterketa), sekretu asko dauzka esploratzeko oraindik leize honek.

Bi kideen artean topografiatu zuten leizea, “Disto X” tresna bakarren laguntzaz, distantzia, klinoa eta iparrorratzen lana eginez.

Udara aprobetxatu beharko da zain geratzen diren azken tramu horizontal eta fosilak esploratzeko, eta ea Ondarrekin elkartzeko autopistaren jarraipena aurkitzen degun …

Ilunabarrean jai festa gozatzeko aukera ezin hobea eman zigun Koldok, prestatu zuen “gizon afari” ederrarekin. Espeleologoen doktrina jarraituz, eta liatzeko erraztasuna nola degun, otordua ordu txikitaraino luzatu zen mahai-etil baten aurrean, munduko bekatu guztiak konpontzen…

Otadi

Cañones y Barrancos en Gères (Norte Portugal) y Xures (Orense)

julio 14th, 2010 by Jorge

Durante los pasados 6 al 11 de Julio, varios miembros de la asociación Iñigo Mauleón y Jorge Laín acompañados por el barcelonés Gabi Bou y Txuma Costas, de Donostia hemos podido disfrutar en el Parque Nacional del Gerés (Norte de Portugal) y en el del  Xures (Orense) de unos fantásticos descensos. A falta de más tiempo, fueron descendidos el Barranco de Fecha (Xures) y el río Carcerelha (Gerès).

Durante el descenso del Fecha, tuvimos la suerte de contactar en el mismo barranco, con dos portugueses  de la empresa de Aventuras Latitude 41. Fue un verdadero placer bajar con ellos, grandes conocedores de la zona. Desde estas líneas queremos expresarles nuestro agradecimiento más sincero.

La mayor suerte que hemos tenido fue contactar con  Nino Santos del Riego, del EC-DC (Espeleo Club Descenso de cañones de Galicia) quien nos puso en contacto con la sección portuguesa del misco (EC-DC Portugal) dirigida por el fantástico Jorge Francisco Nogueira, un verdadero especialista en cañones . Todos ellos, gente maravillosa, con los que tuvimos la suerte de descender el Río Carcerelha. Lo mejor de lo mejor!

Aguas esmeraldas, granito rosa, blanco. , aunque lo mejor de Portugal: su gente

Portugal es un pais pequeño, pero con gente grande!Carcerelha pozo-cascada inicioFecha base 3er pozoFecha 1er saltoCarceleihda Txuma rapelandoFecha 3er salto 4Carcelheida Travesia 2

Recomendable a todos los efectos. Seguro que volvemos

« Previous Entries