AK-13 (hirugarren saiakera)

enero 30th, 2012 by Sabino

Leize honen hirugarren saiakera eta aurtengo lehena. Asteburu zuri honetan, Aralarko bordan izan ginen taldeko bost kide, esplorazioekin jarraitzeko.

Akaitz erreka bailarako elur manta handi baten azpian eta isiltasun zuriarekin gozatuz, desblokeatzeko tresnekin sartu ginen barrunbearen sabela zirikatzera. Gaur ez zuen udaran hainbesteko haizerik botatzen, eta lau orduko lana amaitu ondoren, zulagailuaren bateria hustu arte, metro bat besterik ez genuen aurreratzea lortu, baina itxaropentsu gaude tapoi hau gainditu ondoren susmatzen den hurrengo meandroak, poz bat baino gehiago ekarriko dizkigulakoan.

Gorputza zurrun eta izoztuta irten ginen. Bidai luzea geratzen zitzaigun oraindik bordara iristeko, tximiniako sutearen ondoan egoteko desioz.

Ez dago egongela ezta telebistako programa hobeagorik, sugar dantzaren mugimendu leun eta euren berotasunen goxotasunekin konparatzekorik. Beste askotan bezela, barre ziropa dastatuz, munduko nahiz gorputz barneko gaitz guztiak sendatuz, konturatu gabe iritsi zitzaizkigun gaueko ordu txikiak.

Marizulo

enero 24th, 2012 by Sabino

Aspaldiko partez eta eguraldi nahiko kaxkarrekin, Larraitzen elkartu ginen taldeko zortzi kide, Mariren bizileku ospetsu honen bila.

Oso ezaguna den, Muitzetik Txindoki edo Larrunarri mendiko tontorrera doan ibilbidea jarraituta, gailurrera iritsi baino lehentxo desbideratuko gera hain ezaguna ez den “Marizulo” deritzon kobazulora. Txindoki izeneko borda erori baten ondotik pasa, (hortik dator Txindokiko gaina bezela ezagutzen degun izena) eta bertatik, Marizulora doan bidea abiatzen da, ez oso garbia eta batzuetan nahiko arriskutsua, beraz, arreta osoz joatea gomendatzen da. Horma bertikal handi baten behealdeko arrail batean dauka kokatua bere ahoa. Progresio nahiko horizontala eta bukaeran, 8m-ko leize txiki baten koladan aurkitzen dira bila genbiltzan barrunbearen kristau inskripzio interesgarrienak.

Mari, Euskal mitologiako jeinu garrantzitsuena da eta beste jeinu guztien buruzagi edo nagusia. Lurraren pertsonifikazio andrazko honek, jaungoiko zerutiarrak iritsi aurretik, herri matriarkalek gurtzen zuten mito lurtarren zantzuak ditu. Naturaren eta beronen osagai guztien erregina. Argi dagoela ematen du pertsonai hau, kristautasuna gure herrira iritsi aurrekoa dela, eta jainkosa maila izango zuela garai bateko euskaldunentzat.

Izen ugari hartu izan ditu, baina zaharrena Mari dela dirudi, eta askotan, agertzen den lekuaren izena eramaten du alboan: Txindokiko Mari, Anbotoko Mari…

Justiziaren jainkosa dugu Mari, zintzotasunaren defendatzaile eta injustizien aurrean zorrotz jokatzen duena. Jeinu honek gezurra, lapurreta, emandako hitza ez betetzea, pertsonenganako errespetu eza eta harrokeria arbuiatzen ditu; aldiz, besteenganako laguntasuna saritzen du. Harengan sinesten dutenei laguntza eta opariak ematen dizkie; aldiz, sinesten ez dutenak zigortu egiten ditu. Lapurrei lapurtu dutena kentzen die eta harrokeria erabili duenari, zertaz harrotu den, hura kentzen dio.

Naturaren indarra irudikatzen du, eta, bere botere ahaltsuarekin, naturako indarren arteko oreka mantentzen du. Naturaren erregina da eta Mari hurbil denean, ekaitza etortzen da. Leku askotan Marirengana joaten ziren kazkabarra uxatzeko eskatzera. Horretarako, haren haitzulo sarreran, meza ospatzen omen zuen herriko apaizak. Horrek adierazten digu, herriak kristautasuna bereganatu ondoren ere, ez zela desagertu Marirenganako sinesmena.

Askotan, dotore jantzitako emakume eder baten itxuran agertzen zaigu. Amezketan, lau zaldik daramaten gurdi baten gainean zerua zeharkatzen ikusi izan dute. Animalia itxuran, suzko igitai itxuran, haize bolada itxuran edo hodei nahiz ostadar itxuran ere azaltzen da zenbait lekutako elezaharretan. Bere haitzulo sarreran, ondoan ahari bat duela ere agertzen da, hori baita bere animalia kuttuna.

Mari, pertsonaia mitologiko lurtarra den heinean, lur azpian bizi da, eta haitzuloetatik nahiz osinetatik kanporatzen da. Leku askotan ikusi izan da. Hauexek zulo entzunenak: Baltzola (Diman), Supelaur (Orozkon eta Anboton), Atxorrotx (Eskoriatzan, Zaldiaranen eta Aketegin), Agamunda (Ataunen), Murumendi (Beasainen), Marizulo, (Amezketan), Akelarre (Zugarramurdin), Lezia (Saran), eta abar. Euskal Herri osoan zehar ditu egoitzak, eta alde batetik bestera ibiltzen da aldatzen. Zerua gurutzatzen duen gurdi batetan jesarrita agertzen zaigu. Sua darion emakume baten irudia, antxume baten gainean dagoena. Bere burua ilargi beteak inguratzen duela ere esaten dute. Hegazti oinak batzuentzat, edo ahuntzarenak. Arrano edo putrearen itxuran, arbolarenean, haize bolada bezala, laino zuria … Modu batera edo bestera agertzen zaigu kondairaren arabera, baina denak ados daude hau emakumezkoa dela esatean.

Norbait Mariren bizilekura sartuz gero, zigortu egiten du; eta haren baimenarekin norbait hurbiltzen bazaio, baldintza batzuk bete beharko ditu. Lehenik, hika egin behar zaio. Gainera, bere koban ezin gaitezke jesarri. Amaitzeko, sartu garen bezela irten beharko gera handik (aurreraka sartu ezkero atzeraka irten behar).

Baldintza guztiak bete genituen bere presentziaz ohartu gabe eta Euskal lurpeko Damaren jauregi honetan dokumentazio lan bikaina burutu genuelakoan, esker beroa bidali nahi diogu hemendik gure Mariri.

A1-Lz koba

enero 17th, 2012 by Sabino

Taldeko bost kide izan ginen joan den larunbatean Aralarreko hego urgonianoan kokatutako koba batean, zientzia-lanetan emaitza oso interesgarriak lortuz.

Gure arbasoek Mari jainkosari eskaintza egiteko gurtza tokia susmagarria dugu barrunbe hau.

Taldetan banatu ginen geure buruari ezarri genituen lanak burutzeko: argazki dokumentazio mitologikoa, bazter ezezagunen esplorazioa, topografia eta kata arkeologikoak.

Arrigarria da tenplu honen aldare nagusiko estalagmita antropomorfoa, baita aztarna eta galdera asko barrunbearen garapenean zehar.

Sarreratik urruneko gune batean, zorua gours askoz jositako gelan, hauek ikazkinak, zeramika eta hezurrez beteta agertzen dira, batez ere garai bateko eskaintzen hondakinak litezke.

Beste galeri meandriforme txiki batean hezur bat (gizahezur litekeena) aurkitu degu, horizontalki horman sartuta eta konkrezionatua, bere esanahiari jaramonik egin gabe.

Beste lur bazterraldean, geruza estagmítiko mantu batekin kolmatatuta zegoen katazulo bat desblokeatu degu, 5m aurrerago bukatzen dela egiaztatzeko, baina lan horri esker, aztertzeko dauden beste ikatz hondarrak aurkitu izan dira solairu honen azpian.

Aurkikuntza guzti hauen adina karbono 14 datazioen bitartez zehaztu ondoren, jarraitzeko asmoa dago haitzuloaren ikerketarekin.

Troskaeta

diciembre 27th, 2011 by Sabino

Egun hauetako senidearteko konpromisoez gain, eta jaiegunak asteburuan tokatzen direnez, ez degu gogoko degun jarduera galaraztea nahi. Giro honi saltsa pixka bat emanez, espeleo taldeko lau kide besterik ez ginen elkartu joan den larunbatean, Atauneko koba ospetsu honetan, gabonetako goiz txango festa ospatzeko asmoekin.

Intzartzuko haitzen IE-aldean kokatzen da aspaldidanik ezaguna den kobazuloa, 1946 urtean Ursus spelaeusen aztarnategi paleontologikoa. 1000m garapeneko kobazulo handia, errombo antzeko 900 m2 atariekin. Hartzen leizea bazter baten sakonean utzita, zorua hegoaldera okertzen da, estratoen sahiesdura jarraituz.

Uxatu nahi gabe sartu ginenean, saguzarrak hegan ikusi genituen, baina kobak duen lasaitasunekin, berehala hasi ziren lokartzen alderantzizko lenar ederren tartetxoetan.

Atsegingarria benetan eta bakoitzaren mobidekin disfrutatzeko aukera izan genuen: batak 1948-ko topoan agertze ez ziren galeriak esploratzen, besteak eszentrika eta aragonito zoragarrien makro-argazkiak ateratzen, hirugarrenak arkeologi aztarnak bilatzen, baita laugarrenak, gidari moduan barrunbe honen txoko politenak besteei erakusten …

Eskaileratik hasita, txango borobil bat burutu genuen barrunbean zehar, kolada gunetik desio aintziraraino jaitsi, ibilbideko gours eta marmitetan ur dexente ikusiz eta bueltan, gainaldeko galerien formazioekin gozatuz.

Pena ematen du barrunbea nola dagoen ikustea, zaborrak edozein lekutan, graffiteroen lanak goitik beherako bazter guztietan, kolore eta forma askotako sokak zintzilikatuak, formazioen txikizioak, etab.

 

Entziako kobak (2)

diciembre 21st, 2011 by Sabino

Entzia-Urbasa mendilerroan izan gera barrunbez-barrunbe, beste ibilaldi borobil bat egiteko asmoekin. Larraonatik abiatuta, goizeko lehen izerdi negarra botako degu hasierako malda gogortxoa igotzen. Hortik aurrera, paseotxo luze bat besterik ez da izango gaurko txangoa.

Bide ondoan aurkitzen dira Urbasa aldeko lehen haitzuloak, Caballo, Hoguera eta del Queso, garapen motzeko kobatxoak. Muga-harresia pasata, Entzia eremuan topatuko ditugu hurrengo barrunbe garrantzitsuenak:

ALDARANA edo del GORRO-ko leizea

Molinotik, Alto del Mojon inguratzen duen errepidearen eskuinaldean eta Armas kobatik 400m-ra HM norabideekin, eta 975m-ko kotan kokatua.

5m diametro eta 3m sakoneko dolina baten behealdean aurkitzen da bere 1,5 metroko ahoa. 15 metroko jaitsierak, 25 metrotaraino iristen den gela luze batera darama, formazio bakar batzuk barnealdean aurkituz.

ARMAS, Koba

12 metrodiametroko dolina baten behealdean dago haitzulo honen sarrera, bi pago handien artean zainduta.165 metrogarapeneko barrunbe nahiko horizontala. Proportzio handiko ahoak (6m-ko zabalera eta 3m-ko altuera), behera doan galeri batea ematen dio sarrera, lurra bloke ugariz estalia.

Galeri honen amaieran, 5 m-ko arrail bat topatzen da, baina sabaitik eroritako zubi moduko bloke baten laguntzaz erraz gainditu leike. Ezkerreta jarraitu ezkero, antzeko galeri batean sartuko gera, 9m-ko altuerakin eta gela txiki batean amaitzen dena.

Eskuinaldera jarraitu ezkero, solairu blokez partzialki estalitako beste gela batean sartuko gera eta hortik aurrera, harea izango degu nagusi lurrean. Ur-korronte txiki bat duen putzua aurkitzen da ibilaldi erdi aldean, metro gutxi batzuk beranduago desagertzeko. Bukaeraldean, ardien hezurrak ikusten dira lurrean eta hartz hatzamarkak hormetan.

Garai batean Aldarana izenekin ezagutzen zen eta gaur egun berriz, Cueva de las Armas, jakina den bezala, azken karlistaldiko gerran armamentuen gordelekua izan zelako, Urbasa aldameneko Cristinos kobakin batera.

MOLINOS I, Koba

210m garapen eta 10m-ko desnibelekin, Molinos 2 kobatik 200m ekialdera aurkitzen da barrunbe hau, 1005m-ko kotan.

Dolina baten behealdean dagoen metro erdi diametroko aho borobilak, galeri estu bati ematen dio sarrera eta 2m-ko saltoa gainditu ondoren, barrunbearen galeri nagusiko gurutzera ailegatuko gera, oinplanoa bi zatitan banatuz.

1– errekaz gora, harritzarrez gaineztutako lurra eta ur gutxi daraman galeria, 90m aurrerago lokatzez estaltzen da.

2– errekaz behera, ur gehiago izango degu lehenengo 60m-tan, kanpotik gehitzen diren beste antzeko emariekin. Gela txiki batean, blokez estalitako ura xurgatzen den putzu batek, saihesten du progresioa. Barrunbean zehar formaziorik eza nabarmen izan da, azken gela izan ezik.

MOLINOS II, Koba

130m garapenekin, Alto del Mojoneko hego maldako bitxurraren ondoan, harri baten azpian ezkutatzen da barrunbe honen aho makurra, 1,5 x 0,25m dimentsiotakoa. 1015m-ko kotan.

Sarrerak, buztinezko arrapala txiki baten bidez, beste neurritako 1,5 x 1 m galeri batera eramaten gaitu.

50 m aurrerago, ur emari eskasa doan zoru hondoratua aurkituko dugu. Aurrera jarraituz, 2 x 4m-ko gela batetik pasa ondoren, galeria pixkanaka estutzen doa 130m-ko garapena lortu arte, buztin arrapala batean progresioa amaituz.

OLITURRI, Koba

8m-ko garapena besterik ez du. 1000m-ko kotan kokatua, baina berez, etengabeko iturri bat da, sabai makurreko koba bat bezela aurkeztu eta 8m-ra progresioa galarazten diguna. Jariatzen den urak ibilbide irregularra du azaleran eta filtratuz, berehala desagertzen da lurzoruan.

ESKARRETABASO IV leizea

1500m garapen eta 40 m-ko desnibelarekin, hainbat erreka ditu barnealdean, baina berehala sifonatzen dira. Galeri grabitazionalak aurkezten ditu metaketa klastiko eta litogeniko garrantzitsuekin. Bi aho ditu, sarrera nagusitik 14m-ko bertikala jaitsita galeri horizontalera daramana, eta bigarrena oso estua.

ESKARRETABASO II, leizea

9m garapen eta beste 9m-ko desnibela. Inguru honetan dauden dolina nagusietako baten maldetan irekitzen da haitzulo honen ahoa, pago baten sustraipean. Izen bereko kobatik IE-ko 150 m-ra.

ESKARRETABASO, Torka

470 m-ko garapen eta 35m-ko desnibelarekin. Gerturatu arte ikuste ez den dolina handi baten sakonean aurkitzen da bere ikaragarriko aho handia. Eskarretabaso II leizetik 50m HE-aldera eta pistatik 250m-ra kokatzen da.

MORUBE, Koba

Garapenik gabeko zuloa baina esploratu gabeko eta orbelez estalitako leize txiki bat dauka ondoan.

Izen berdineko iturriaren 500 m IM-baldera eta Txakolarri putzutik 200 m HM-baldera kokatua.

ARRODANTZA, Covachones de

Garapenik gabeko barrunbeak, bloke erraldoien labirinto ederren artean osatutakoak. Arrizuriko landatik gertu eta Molinosen mugape artean kokatuak.

Berriro Urbasa aldera pasata eta txangoari ginda jartzeko, koba oso ezagun bat bisitatuko degu.

LARRAMENDIKOARRO edo DE LOS CRISTINOS leizea

Cristinoseko leizea edo Larramendikoarro, Limitazioko mendiaren hegoaldean eta Ustalaza bezala ezagutzen den zelaian kokatzen da.

Kaputxino praileak, giza eskeleto bat aurkitu zutenetik dator haitzuloaren eratorritako izena eta kondaira, baina gaur egun Cristinos leizea bezala ezagutzen da.

Dolina baten behealdean duen ahotik eta harri-eskailera kiribil bat jaitsita, ur korrontea zirkulatzen den 30 x 15m-ko gela handi batera iritsiko gera. Goiko galeri makurrera igota, aintzira erdian duen beste gela handiago batera eramango gaitu jarraipenak.

Gela hau, espeleotemaz apainduta, oso bitxia da, zutabeak, goursak eta estalagmita erraldoiak dira nagusi, baina sartzea hain erraza denez, hauetako asko urratuta daude. Ala ere, oraindik edertasun handia gordetzen du eta gauzak horrela, bisita turistikoa egiteko oso egokia da.

 

Kanpantoletako koba

diciembre 19th, 2011 by Sabino

Eguraldi txarrak etzigun taldeko lau kideri gogoko degun zaletasuna praktikatzen eragotzi. Hori dela eta, joan den larunbatean Aiako Urdaneta auzo inguruko kobazulo batean izan ginen eskola bisita posiblea ote zen aztertzeko.

Euria eta kazkabarra saihestuz, haitzuloaren ahoa dagoen zelaira berehala iritsiko gera. Sartzeko baimena hango zaldi-zainekin negoziatu ondoren, behera doan arrapala irristakorra jaitsita, gela handi batean azalduko gera, lurra goursez estalia eta tenperatura oso epelekin, gure betaurreko eta objetiboak lurrinduz.

Hainbat solairu dituenez, batetik bestera pasatzeko, instalatuta dauden soka zahar batzuen laguntza izango degu. Sabai altuko gelak, galeri estuak, makur guneak, irristaka jaisteko moduko koladak eta eskalada txikiak baititu ikasleen gozamenerako, baina duen dimentsioengatik, talde handiek bisitatzeko urritasuna du. Ur tanta asko daude eta zorua lokaztuta.

Oso haitzulo bitxia, gours, estalaktitak, eszentrikak eta banderaz apaindua. Gainbegiratuta, lokatz kolore marroia da nagusi.

Jarraipenik gabeko 15m-ko leize txiki bat eta 10m-ko katazulo estu baten progresioa, haizerik botatzen ez duen arrailtxo batean pasatzen uzten ez diguna, izango dira barrunbe honen zailtasun handienak.

Uitziko barrunbeak

diciembre 18th, 2011 by Sabino

Lekunberritik Uitzira doan errepideko 2,7 Km-an eta eskuinaldean hasten den pista hartuta, Plazaolako trenbide zaharraren tunelaren ondoan emango diogu hasiera gaurko txangoari, Minetako izeneko bidea jarraituz.

Bokamina txiki bat aurkituko degu igoerako ezkerraldean eta pittin bat aurrerago, lehen malda lasaitzen den inguruan, ezkerrean eta pagadi baten oinean kokatzen da Basakaitz haitzuloaren aho borobila, 5m-ko bertikal txiki baten ondoren, galeri konkrezionatu labur baten amaitzen dena. Pistaz 1200m aurrerago, leize-harraska handi bat utziko degu ezkerraldean. Ibilaldia jarraituz, Arruitzgaineko goiko eremura iritsiko gera. Kareharrizko formazioak, eskisto eta arbel harriekin txandakatzen dira, formazio arteko konketa puntuetan ur-arraskak eraginez.

Meatzarien etxebizitza gisa erabiltzen zituen barrakoien hondakin, baita aspalditik abandonatutako, beruna eta pirita erauzten zen meatze-aho zahar ingurura iritsiko gera. Inguruan beste harraska handi bat dago.

Uitzi leize lurpeko konplexuen sarrerak, zilardun galena meatze zahar baten ondoan daude.

Morfologi bertikaleko barrunbea, kareharrizko geruzez osatutako IM-E norabideko galeri nagusi batekin. Putzuak, galeri meandriforme eta desnibel handikoak txandakatzen dira barnean. Zeharkatzen duen errekak eragindako higaduren emaitza. 165m-ko sakonerekin, mineralogia eta hidrologiaren arloan, zulo oso interesgarria eta garrantzi handikoa. Konplexuko sarrera nagusitik, Basakaitz muinotik datorren ura sartzen zaio, ur-salto txiki bat sortuz. Leizearen beste sarrerak, ahoaren gainaldean dagoen meatze-zuloa, bi bertikaletan zatitzen du, 64 eta 50m-koak. Meatze indusketak, hainbat solairu eta tunel utzi ditu. Duen tamaina handi aho eta errekaren urengatik, kanpoko material ugari dago barrunbean zehar: adarrak, zuhaitz enborrak eta material organikoa. Arrabioak ere aurkitu izan dira 100m baino sakonerago. Oraindik ez da argi ezagutzen non aurkitzen den Uitzi leizeko uraren isurbidea.

Hainbat bokamina aurkituko ditugu abiapuntura itzultzeko bidean, eta gailur inguruan, Basakaitz leizezuloaren aho ikusgarria.

Plazaolako tunel ondotik berriro pasata, Lekunberrira doan bidea hartuko degu, eta 500m aurrerago, eskuinera eta gorantz, Uitzira doan PR-tik desbideratuta, gaurko azkeneko beste bi kobazulo ezagunen bila goaz, pagadi zahar bat zeharkatuz.

Urbiñete

Belatz baten erdian, baserriko lan-tresnak gordetzen dituzte sarrerako gelan, buztindun lurzoruekin. Pasabide estu bat zeharkatuz, hezurrak dauden gela zabal batera iristen gera. Eskuinaldetik kolada bat igota, pasabide baten ondoren eta katazulo txiki bat zeharkatuta, graffiti zuriz margotutako gela batera iristen gera. Puntu honetan eta eskuinera joan ezkero, leize txiki bat besterik ez dago. Abiapuntura itzulita eta graffitiak dauden beheko ingurura jaitsita, 6-8m-ko aldapa bat estaltzen duen lurzoruko harri baten inguruan soka bat lotuta, arriskurik gabe ailegatuko gera barrunbeak gordetzen dituen formazio politen gelara, eta hortik beste 30 m aurrerago bukatzen da progresioa.

Mainea

Borda baten ondoan eta belardiaren gainaldean dauden pagadien artean aurkitzen dira bere bi aho. Sarreran bi zulo ikusten zaizkio, bat leize bertikala eta bestea kobazuloa, hasieran aldapa txiki batekin, gero biak elkartzeko. Eskuinera jarraituta, arrapala txiki bat behera jaitsi eta hogei metrora, 35 m-ko leize batekin topatuko gera, neurri ezezaguneko aintzira txiki batera eramaten gaituena. Bestalde, sarreratik ezkerrera abiatuta, nahiko galeri labirintoa denez, esplorazio atletikoa eskatzen digu, arrail estuekin eta gorabeheratsua. Leku berean elkartzen dira katazulo guztiak. Kobatik lokatzez erabat bustita ateratzeko modukoa.

Cueva de Paño (Burgos)

noviembre 22nd, 2011 by Sabino

Taldeko hiru kide izan gera joan den larunbat honetan, Burgoseko barrunbe eder batean, espeleofotoko Rupo eta Merindades espeleo taldeak, argazki DVD bat egiteko helburuekin antolatu zuten txangoan.

Burgoseko Puentedey herri politetik pista bat hartuz abiatu ginen Sierra Llana lautadara, Peña Dulla mendiaren hegoaldean. Artederreta itxi bat zeharkatuz, metro gutxira eta bide ondoan, topatuko degu leizearen sarrera, 900m inguruko kotan.

1992an hasi zen Merindades talde espeleologikoak leizea esploratzen.

Barrunbearen sarrera, arrapala txiki eta oso aldapatsua den leizea da. Giltzarrapotuta dagoen barandara heldu eta hortik behera, 5m-tako putzu bertikala, mugiezinezko eskailera metalikoekin instalatua.

Sarrerako kono hondakina ardatz bezela erabiliz, haitzuloa bi sektoretan banatzen da. Hosto eta hondakin organiko hauen artean, tritoi ilun eta arrabio berdeen kolonia kaltebera txiki bat bizi da.

HE sektoreak 180m-tako luzera du, bi gela garrantzitsuekin, handiena 50 x 70 x 5m-takoa, eta biek kaotikoak. Estalagmitak blokeen gainean jaiotzen dira. 30m-tako galeri batean bukatzen da sektorea, garai batean kanpoaldearekin lotuta baino gaur egun blokez estalita. Sarrera zahar honek ziurrenez, Nela ibaiaren arroilako hormetan ikusiko zuen argia.

IM sektorera iristeko, bi laminadore gainditu ondoren, 360m-tako galeri handira garamatza. Zalantzarik gabe, barrunbearen zati ederrena, galeriaren tamaina uniformea mantenduz, 12m-tako zabalera eta 15m-tako altuerekin.

Zoruak bloke ezegonkorrez josita dago eta tarteka, leize txiki eta animalien hezurrak ikus daitezke.

Espeleotemak garrantzi handia dute. Galeriak altura galtzen hasten da eta litogenesi ugariko laminadore batean amaitzen da, bidea oztopatuz eta esplorazioa galaraziz.

Eremu honek, kanpotik sartzeko posibilitatea ere izan zitekeela adierazten du azken galerien alboko lurjausi batean, hondatutako hartzaren hezurrak aurkitu zirelako.

Aipatzekoa ere, sarreratik gertu dagoen katazulo txiki batean giza hezurren arrastoak aurkitu zirela, eta HE sektorearen amaieran hartz oheak baita Ursus Arctos-en hezur hondakinak.

Zalantzarik gabe, Pañoko haitzuloa, 1438 m-ko garapen eta -47 m-ko desnibel bertikalekin, Ojo Guareña karsteko barrunbe ikusgarrienetakoa da.

Merindades taldeekin jarri behar da harremanetan barrunbe hau bisitatzea nahi ezkero, eta urtean 3 aldiz besterik ez da bisita espeleologikorik onartzen.

Kontuan izan beharko degu hurrengo bisitarako, inguru honetako gasolinerak jai egiten dutela gauez. Esperientzi traketsa jasota, zorionez, errepideko zerbitzuaren laguntzaz, taxisean bueltatu ginen etxera gaueko ordu-bietan, markes aberatsak bezala …

Argazki gehiago ikusteko aukera:

http://www.flickr.com/photos/rupo/sets/72157626433144280/show/

Cueva del Murallón, sima Bedmar (JAEN)

noviembre 17th, 2011 by Sabino

2008 geroztik barrunbe hau esploratzen daramaten Granadako Iliberis taldeen gonbitea onartuz eta desinstalatzen hasi aurretik, argazki erreportai bat egitea nahi zutenez, espeleofotoko beste hiru kideekin izan naiz asteburu honetan, Andaluziako lurraldean, Jaeneko Sierra Máginan hain zuzen ere, 13 kideko koadrila polit bat osatuz, beste hainbat talde espeleologikotik ere etorrita: Niphargus, Adema eta independente batzuekin.

Herriko etorkinen seme-alaben egoitzan ostatu ginen, eraikuntza hau oliba-jasoaldia hasi aurretik aprobetxatuz. Espeleo koadrila jator honek primeran zaindu eta mimatu gintuen, izar askoko hotel baten egon bagina bezala.

Bedmar herriaren gainaldeko harkaitzetan, horma bat ikusten da pareta erdian, arroka zulo handi bat estaltzen. Honek eraikuntza arraroa dirudi lurretik hamarka metroko altueran dagoela kontutan hartuz eta sarreratik igaro ezin dela kontuan hartuz.

Gaztelu berritik abiatuta, harkaitzaren atzeko maldatik igo eta haitzuloaren gainaldeko gailurrean topatuko degu sistema honen beste sarrera, Bedmar leizea, 50 cm-ko aho txiki batekin eta gours handiko galerian elkartzen dena. Eraikuntza zahar baten arrastoak emango digu amildegia jaisteko puntuen erreferentzia. Bertatik, herriko eta inguruko ikuspegi zoragarriak gozatu ahal izango ditugu. Metro gutxi batzuk behera rappelatuz, eta pasamanos baten ondoren kokatzen zaigu Murallón haitzuloaren sarrera.

Sarrerako hormetan itsas fosilen maskorrak ikus daitezke. Orain dela 10 mende arabiarrek eraiki zuten eraikuntza leku honetan eta eskala bidez igoko ziren gaztelu zaharretik. Barne urruneko galerietan hainbat inskripzio arabiarrak ikus daitezke aintzirak agertzen diren eremuetan, barrunbeko ur putzuak urtegia bezela erabiltzen zituela adieraziz.

Sarrerako hormaren ondotik lehenengo putzuraino jaitsi behar da, hautsez betetako katazuloa gainditu ondoren. Zutabe handi batean hasiko da 20m-ko bertikal honen instalazioa, gours handi bateraino (hemen elkartzen da leizeko ibilbideekin). Koladan dagoen arrail txiki bat zeharkatuz, logura gelara iritsiko gera eta 15m-ko hodi bat eskalatu eta ondoren berehala jaitsi behar da igotakoa (beroaren ibilera), putzu politera iristeko. Hemendik aurrera, barrunbea (lehen fosila eta lehorra) aldatzen da eta formazioak gero eta ederragoak dira, giro umelean. Izugarria da aragonitoen gela (-63m-ko kotan) kaltzita mugikorrezko konoekin, baita uraren presentzia barrunbeko leku desberdinetan. Oso polita ere Mirarien gela.

Estalaktita, estalagmita eta zutabe ugari daude galeri guztietan baita eskuraezin edo oso estuak diren zulo asko horma eta sabaietan, labirintoen formekin. Barrunbeko progresioa gorabeheratsua eta oso atletikoa da. Tenperatura nahiko altuan dago eta bazter batzuetan ez da zaila 18º C gainditzea, burik eragozpen asko sortuz.

Ezusteko galanta jaso genuen haitzulotik irten ginenean, gutako bi kotxeen leihoak hautsi eta lapurtu baitzizkiguten. Dirudienez, benemeritakoek kontrolpean dute asuntoa. Sustoa pasata, ez ditugu ahaztuko hegoaldean egindako lagun eta kontaktu berriak. Atsegin handiz eta nahi degunean beso zabalik hartuko gaituzte hainbat bisita egiteko eta hauexek proposatu dituzte: Murtziako La Higuera leizea, Complejo Motillas Sierra de los Alcornocales-en, etab …

Argazki gehiago ikusteko aukera:

http://www.flickr.com/photos/rupo/sets/72157628004560897/show/

Ahuntzaren leizea

noviembre 2nd, 2011 by Sabino

Zestoako espeleo-lagunekin izan gera joan den astelehen honetan, Katalogoz kanpo eta etxetik gertu daukaten leize ezezagun polit honetan. Izarraitz lurpeko eremu interesgarri hau pixkanaka hobeto ezagutzeko, pena merezi duenez, taldeko bi kide izan gera gaurkoan, Ramonek antolatutako txangoan.

Leize xelebrea eta inguruko beste barrunbeekin konparatuta, zeharo desberdina. Kostata aurkituko genuke daukan sarrera disimulatua. Soka naturalean instalatuko degu 10m-ko bertikala jaitsi eta maldaz behera doan sala handi batera iristeko. Zorua, hasieran bloke handiz josia eta bukaera aldean, geruza estalagmitikoekin zementatua dauka. Kolada handi batekin, formazio ederrez apaindutako gelan bukatzen da progresio nagusia, hortik aurrera balkoitxo batera igo daiteke, gela zoragarri honen bista dotoreekin disfrutatzeko. Goiko pisu honen bazter batean duen bertikal motx bat jaitsi ezkero, berriro hasierako puntura bueltatuko ginateke.

Esploratu dituen beste jarraipen bertikal txiki batzuk ere ditu, baino gaurko honetan, zain zegoen katazulo zikin baten jarraipena lortzekotan ginen. Bidea desblokeatuz, beste 10m gehiagotan aurreratzea lortu degu, meandro estu eta buztintsu batekin topatu arte.

Ez dira urte asko barrunbe hau esploratzen hasi zirela eta barruan dagoen ahuntz baten eskeletoengatik, jarri zieten duen izena.

Kuriosoak dira ere paretetan ikusten diren kalzita kristalezko formazioak, hortzen itxurekin. Kareharria zona askotan lokatz eta margekin lotuta dagoenez, nahiko leku arriskutsu eta ezegonkorrekin topatu liteke. Galeri estuetan, labainkorrak diren hormekin burrukan ibili behar da buzoaren tarratada galarazteko.

Galeri adarretako zoruetan lokatza nagusitzen da eta sabaia hainbat tartetan, 10m-ko altura baino gehiago lortzen du tximini itsuetan. Beheko zona umelagoa dirudi, bustia eta goursak hemen bakarrik ikusten dira. Topografiatu gabe dago oraindik, baino ez ditu 100m-ko garapen eta 40m-ko desnibel baino gehiago izango. Lan hau bukatu beharko da albistea argitaratzeko.

 

« Previous Entries