Otadiko leizea (2)

septiembre 30th, 2010 by Sabino


Aurtengo bigarren saiakera leize honetan eta azken alditan bezala eguraldi euritsu eta nahiko tristeekin esnatu ginen Aralarren, ala ere goizeko hamaiketan abiatu ginen taldeko sei kide, leizean antolatutako lanak betetzera.

Bi taldeetan banatu ginen, lehenengo hiruak esploratzen eta atzetik, beste hiru topografiatzen.

Azkeneko barrunbe honen bisitan, oreka putzuraino topografiatu zen, honaino -204m-ko desnibel eta 450m-ko garapena genuen markatua eta gaurko honetan hemendik hasi behar ginen pixkanaka galeri nagusien jarraipenekin.

Putzu honetatik gora jarraitu genuen hodi freatiko luze eta polit batetik, hormak gubian kolpez zizelatuak. Kontu handiz zeharkatu behar izan genituen leku pare batzuk, xafla mehez estalitako zoru hutsak baitzeuden. Esploratzaileekin gune honetan topatu ginen. Aurkitutako berriak jakinaraziz, taldeak birbanatu egin ziren. Agurra emanda, talde batek kanpoko bidea hartu zuen eta besteak galeri nagusien topoekin bukaeraraino jarraitzea erabaki genuen. Hemendik aurrera leizeko galeriek beste itxura eta dimentsioa hartzen dute, hasieran nahiko horizontala eta zoru hondartsua (hareharrien alea jaso zen taldeko geologoak aztertzeko) eta bukaeran maldatsua eta irristakorragoa. Horma ikusgarri bat aurkitu genuen maskorren fosilez itsatsita, horietako batzuk esku baten tamainakoak.

Malda irristakorretatik behera, errekaraino iritsi ginen. Errekak nahiko ura zeraman eta gure zoritxarrerako, ikusten zen 40m-ko zatia bi aldetan sifonatua zegoen. Errekarriak lurrean eta kirasdun kareharria ertzetan. Ez genuen oztopo hori gainditzeko aukerarik ikusi eta beste galerien esplorazioekin jarraitu beharko degu sifoiaren beste aldeen bila. Partaideen arteko hiru berri ginenentzat lehenengo aldia izan zen galeri hauetan, inpresio onak jasoz.

Topografiatutako poligonala marraztu arte ez degu jakingo ze kotan kokatzen den sifoia eta zenbateko garapena duen orain arteko topoak.

Itzulera nekagarria izan zen, barnean gizendu bagina zirudien, meandroren arrail estuak gurutzatzerakoan (progresioko zailena, agian).

Oroimenean geldituko da partaide bati gertatutakoa; izan ere, crolla ahaztu zitzaion eta etxolara bueltatu behar izan zuen haren bila. Baina kontua ez da hor bukatzen, leizearen ahora berriro iritsi zenean jaisteko stopa ere ahaztu zuela konturatu zen. Mosketoi batekin konpondu zuen akatsa eta esplorazioa bukatu ondoren, harritzekoa zen aluminioak jasotako jipoia. Tresna hau etorkizunerako jasoko da espeleologiako prestakuntza ikastaroetan zer egin behar ez den erakusteko.

Gaueko ordu bat eta erdietan irten ginen, euritan oraindik eta ordu bietan azaldu ginen bordan. Jendea urduritzen hasia zegoen noiz iritsiko zain. Dutxatu eta afaldu baino lehen, ongi etorria emateko, gure barmanek prestatuta zuen koktel gozoarekin erre genuen eztarrian zintzilik genituen azken lokatz arrastoak.

Haurrak bezela oheratu ginen, ukalondo eta belauneko minez, batzuk ohea erdibanatuz eta guztiak solisten zurrungak sufrituz, ametsetan hurrengo egunean dastatuko genuen hamar garren urteurreneko bazkari ederrarekin.

X ANIVERSARIO FELIX UGARTE ELKARTEA

septiembre 27th, 2010 by Jorge

Acabamos de cumplir diez años de existencia, y como no podía ser menos, lo hemos celebrado convenientemente. Con tal motivo y durante el pasado fin de semana , 25 y 26 de Septiembre, organizamos una salida de exploración y topo a Otadi y una comida en el Bittor, en Ataun.

Nos juntamos un montón de gente -casi todo el grupo-, de toda edad y condición, desde los más txikis hasta los que ya hemos franqueado el “Ecuador”.

Hubo discurso del Presi, reparto de nuevas camisetas y pegatinas, y, como no,  “foto oficial”, realizada por uno de nuestros grandes artistas en el plató que nos brindó el terreno próximo al restaurante.

A pesar del sueño acumulado por los que habían estado en Otadi -cosa que era palpable-, el ambiente fue, como de costumbre, inmejorable.

Han sido diez años intensos, y sería aquí imposible enumerar los logros alcanzados. Esperamos cumplir, por lo menos, diez decenios más, y aún cuando entonces algunos de nosotros sólo seamos efímeros recuerdos, ahí estarán nuestras ilusiones continuando su viaje.ZORIONAK!



Fast Tube by Casper

Urbasako barrunbeen bila (1)

septiembre 26th, 2010 by Sabino

Urbasaren lurpeko eremua obeto ezagutzeko, joan den astean ibilbide borobil bat programatu zen, barrunbe ezagunen bila. Interpretazio-zentrotik irten eta hego-ekialderantz abiatuta, errepidetik gertu aurkitzen da lehengo zuloa “arbolaren leizea”, horma batez babestua eta sarrera bertikal txiki batekin. Basoan sartu eta berehala topatzen da bigarrena, “Zozolangarriko leizea” hau ere horma batez babestua eta besteak zuen sarrera bertikala baino oraindik estuagoa. Agileta mendiko gailurrerantz norabidea aldatuz, hasieran pagadi nahiko garbian, identifikatu gabe dauden pare bat leize lokalizatzen dira. Igoera erdian azaltzen da txangoko paso ikaragarriena, 5 metroko horma bertikal batek mozten du progresioa, baina arrail batetik erraz eskalatu liteke eta gaineko balkoitik aurrera, nahiko markatua dagoen bidetik, baso itxi bat zeharkatzen da. Tontorretik gertu eta bitxurra honen eskuinaldean, harkaitz handi baten behealdean topatzen da txangoko lehen koba “Agiletako kobea”, sarrera makurra eta maldaz behera, dimentsio handiko galeri bakarra du kolada politez dekoratua, sabai altua eta goursak bukaeran. Harkaitz handi honen bestaldean eta metro oso gutxitara aurkitzen da famatua den “Agiletako 1001 leizea”, egun honetan bazebilen norbait barruan, sarreran instalazioa ikusten zenez. Maldaz behera mendebalderantz, baso zikin bat zeharkatuz, errepidera iritsi behar da berriro, kanpina eskuin aldean utzi eta pare bat kilometro aurrerago topatzen da bigarren kobazuloa “Kobagorri”, aterpe oso zabala baina garapenik gabekoa. Orain hego-ekialderako norabidea hartuta, baso batean “Basauntziturri” koba topatzen da, dolina txiki batean izkututa, sarrera nahiko makurra eta garapen motza, meandro aktiboa denez zoruko blokeen azpian lurpeko ur emaria ikusten da. Hego-mendebalderantz jarraitu eta basotik lautadara irtenda, gurdibidea azpitik zeharkatzen du “Lezamen” koba politak (Lubierriren antzekoa baina askoz txikiagoa). Jauregiaren norabidea hartuta, berehala azalduko da identifikatu gabeko gaurko azken leizea. Hogeita hiru kilometroko ibilaldi honetan gustiz hamaika haitzulo lokalizatu dira, Portukogaineko haitzetan dagoen beste aterpe bat gehituz.

Arritzagako meategia

septiembre 17th, 2010 by Sabino

Eguraldia alde eduki genuen joan den larunbatean eta neguko giro kaxkarra iritsi baino lehen, udako azken egun hauek aprobetxatuz, Arritzagako meategi inguruan dauzkagun lanekin jarraitzeko asmoz, koadrila oso majoa osatu genuen taldeko zazpi kideen artean; gehi seme, alaba eta lagun batzuekin.

Hainbeste jende izanda, taldeka banatu eta lan desberdin asko gauzatu ziren.

Bideo-dokumentalentzat: Aralarreko altxor geologiko inguru baten grabaketak eta baita txiripaz, ehiztariak izan bagina bezala, putre-saldoen hegazkera dotoreen irudiak.

GPSaren laguntzaz, meategiko leku eta elementu garrantzitsuen waipointak jaso, datu horiek planoan kokatzeko.

Garai bateko uharkaren hondakinak eta zituen zutabeen kokapenen datuak (waipointak) jaso planoa egiteko.

Antzinako meatzarien herri-guneko egitura (eliza, etxebizitzak eta labeak) jaso, hiru dimentsioetako planoa proiektatzeko.

Denbora izan genuen kolorazirako beharrezkoak diren materialak bertan segitzen zutela egiaztatzeko.

Inguruko meazuloen topografiekin jarraitu genuen, Disto-ren laguntzaz.

Mendiko goialdean dauden beste arrail sakon batzuk azaletik esploratu ziren.

Fundizioetatik ateratako materialen datuak aztertzeko, kata txiki bat ere egin zen.

Arratsaldeko zortzietan bueltatu ginen, egunak emandako emaitzekin gustura.

 

Los Goros’eko kobak

septiembre 16th, 2010 by Sabino

Joan den astean gure kide Emilo ezkondu zitzaigun eta “eztei-bidaiara” abiatu baino lehen, txango bat antolatu genuen biok Gasteiz inguruko barrunbe batera, Oto Goikoan aurkitzen den Los Goros kobara.

2Km baino luzeagoko galeriak ditu. Nibel freatikoa gutxitan igotzen denean, ur-gainezkako ahoa bezala funtzionatzen du. Goros ia bide bateko galeria da, IM-HE norabideekin gutxi gorabehera, baina dituen galeriak segmentu isolatuak bezala hartuta, haitzuloaren sare nagusia bi zatitan banatu liteke, norabide oso markatuekin: I40E eta I130E eta IM-HE norabidekoa eskaintzen ditu segmentu luzeenak.

2000 metroko garapena eta 50 metroko desnibela du. Isurbide iragankorra denez, euri asko egiten duenean hasten da lanean, Goros amildegiko trop plein bezala eta ur-kantitate handiak irtenarazi ditzake. Hasieran, azpiko ahotik isurtzen da baina ur-emariak ezin badu ebakuatu, galeriak gainezka egiten du eta goiko ahoetatik ere isurtzen da, Goroseko trokan jauzi ikusgarria sortuz.

Goialdeko galeriak tamaina handikoak dira, sabai altuak eta zoru gorabeheratsuak, blokez tapizatua. Beheko galeriak ordea, estuagoak, garbiak eta gours ugariekin.

Lehen bertikala besterik ez genuen instalatu, gainentzakoetan jarrita zeuden kableak eta soka zaharrak erabili genituen baina estutasunak pasa genituen paso del diablo’ren gunean …

Mendilerroko galeri handienak ditu, eta VII. mendeko hileta aztarnak aurkitu ziren.

Goiz-partea barruan ondo gozatuz, erlojuari begira irten ginen eguerdi aldean Gasteiz ingurura hurbiltzeko, bazkari goxo batekin ezkontza ospatzeko.

ZORIONAK EMILIO!!

Aitzbeltz

septiembre 13th, 2010 by Sabino

Oporrak bukatu baino lehen, txango desberdinak antolatzen ari gara astean zehar egiteko eta oraingo honetan Izarraitzeko Aitzbeltz mendian izan ginen taldeko bi kide.

Itxaropen gutxirekin abiatu ginen leize honen bila; izan ere, ez zen lehenengo aldia izan poltsiko hutsik bueltatu izandakoak, baino berriro saiatu beharra zegoen.

Erraz topatu genuena Txoriaitzeko leizea izan zen, debekaturik dagoen ehiztarien tira-lekuen hesia zehartuz gero aurkitzen dena (mendiaren tontor-gaina, leku mugatua bezala daukatenez).

Otarre mendiaren mendebaldean kokatzen da. Errentza baserritik hogei minutura, 590 metroko kotan eta pagadi polit batean aurkitu genuen, pago oker baten ondoan. 2 metro eta erdiko diametroa du sarrerak. Lehen bertikalak 65 m ditu eta 55 m hurrengo besteak. Guztiz 130 metroko desnibela eta 155 metroko garapena.

Mendia maldaz behera prospektatzen jarraitu genuen pinudi batean sartuta eta basoa zikintzen zihoan beheraka gindoazen heinean. Zail xamarreko bilaketen lana izango zela iragartzen genuen, baina taldeko dinosaurioak emandako pistak jarraituz, 560 metroko kotan eta lizar baten ondoan aurkitu genuen Aitzbeltz leizearen 7 metroko diametroa duen ahoa. 1955an jaitsi zen lehenengo aldiz leize hau. 188 metroko putzu jarraituko leize hau bizikleta zatiz egindako tridem baten bidez jaitsi zuten. Tridem bitxi hark tornu bat mugiarazten zuen espeleologoak garraiatuz. Hodi zilindriko baten formako putzua jaitsi eta ondoren, arrapala baten bitartez, beste hodi bertikal batera iristen da -279metroetako kotan amaitzeko. 390 metroko garapena du.

Umoretsu bi leizeen ahoak lokalizatuta genituelako mendiaren malda karstikoa orrazten segitu genuen, lapiazean susmozko arrail asko topatuz baina kobazulo txiki bat besterik ez genuen aurkitu, barnealdean kata bat zeukana.

Cronica del cuento-dvd publicada en el suplemento Mantangorri del periódico Berria

septiembre 8th, 2010 by Kokolo

Lurpeko misterioak agerian

Lur azpian ezkutatzen diren altxorrak haurrei erakusteko materiala argitaratu du Felix Ugarte espeleologia elkarteak: ‘Mendien misterioak’. Ipuin bat eta ikusentzunezko lan labur bat prestatu dute, kobazuloen sorrerari, historiari eta garrantziari buruz hitz egiteko.

Arbelo inguruko prospekzioa

septiembre 8th, 2010 by Sabino

Joan den ostiral eta larunbatean, egin zuen eguraldia ondo aprobetxatuz, taldeko sei kide izan ginen Uiduiko bordan, Aralarreko beste zona bat prospektatzeko egitasmoekin. Gipuzkoako lurpeko ondarearen balorazioekin jarraituz, garrantzia duen barrunbeekin asten ari gera eta AR-1-teri tokatu zaio gaurko txanda.

Bezperatik joan ginen bordara, larunbat goizeko egunsentia aprobetxatzeko eta horretarako seietan esnatu ginen.

Arbelo mendiaren maldak miatzen ibili eta artzain batekin egonda ere, ezagunak ziren AR-3, AR-2 eta AR-1 bakarrak aurkitu eta GPS-arekin markatu genituen.

Aspaldiko partez eta gogoan edukita zenbat ordu pasa genituen barnean, AR-1-era ezustekorik gabe iritsi ginen, han jarraitzen du oraindik utzitako instalazioa.

Arbelotik Kobagañerantz abiatu ginen eta buelta Labeongotik egin genuen, aho handiko leize dotore pare bat aurkitu eta gero.

Igaratzan bazkaldu baino lehenago, denbora izan genuen oraindik Irumugarrietako azpiko maldak orrazteko eta baita hiru leize gehiago aurkitzeko ere. Hildako ardi bat ere topatu genuen horietako batean. Otsalizeko zulogune handia izan zen txangoko azken fitxajea, hegoaldetik beheraka dioan sarbidea du 15metroetaraino jaisteko, hemendik hamar bat metroko galeri estu eta labur bat, IIE-ko norabideekin bukatzen da. Belatxingentzat babes aproposa.

Ez dago geologo batekin mendira joatea baino hoberik; izan ere,gurekin izandako Javik jakinari zigun zer nolako fosilak aurki daitezkeen kare-haitz hauetan: belakiak, koralak eta oskolak.

Eguerdiko berotasunei ihesiz, primeran bazkaldu genuen itzalean eta gure sari ederrena siesta botatzeko aukera izan zen. Arratsaldean, bueltako bidea gogor xamarra izan zen, ez maldaz behera gindoazelako baizik eta eztarria lehortuta genuelako, baina gaurko ipuin honi bukaera polita emateko, jakin dezazuen zain genuela garagardo freskoa bordan …

Haizearen Kobazuloen bila

septiembre 6th, 2010 by Sabino

Joan den aste honetan, taldeko pare bat kide Kilimon haranean (Aran erreka) izan ginen, bailararen goialdean, haizearen kobazuloen bila. Haran polit honetako ibilbidetik gertu beste kobazulo asko ere ikusi genituen. Azken basartean, begetazio eta errekak jartzen zizkiguten oztopoak gainditu behar izan genituen aho putzegilera heltzeko.

KATAOLAZA-ko kobea:

Haizearen kobazuloa izenez ere ezagutzen da barrunbe hau. Oraingoz, topografiatutako 20 metroko desnibela eta 890 metroko garapena du, baina argi dago jarraitzen duela. Errekaren eskuin ertzean dago eta bertan aurkitzen da ere Kataolazako ur-zuloa; aspalditik dago egiaztatuta honen konexioa Mendaroko Mala ur-sorburuarekin.

Barrunbe honek hiru atal ezberdinak ditu: hasierako makur galeria, hurrengo galeri fosila “Galería de las Maravillas” deitzen zaiona eta azkenik galeri aktiboa edo errekarena.

Orden hau jarraituz, hasieran etengabeko ehun bat metroko katazulotik, galeri eder eta lasaigarri batera sartzen gera, konkrezio dotorez apainduta. Azkenean ikaragarrizko erreka galerian bukatzeko, honek mila metrotik gorako garapenekin, material oso ezegonkorrekin eta jarraitzeko arrisku handiekin.

EBRO-ko leizea:

19 m-ko desnibel bertikal eta 40 m-ko garapen.

Mendaron jaiotako tipo baten histori bitxi bat kontatzen dute bertako zaharrek: soldaduska egiten ari zenean Ebro ibaia ezagutu zuela eta egun horietako batean, errekak gainezka egin zuen Garagarza auzoa urperatuta geldituz. Kilimoneko pasealekutik gertu, leize batetik hainbeste ur ateratzen zenez, hau esaten zuen: “Jan, bertan Ebro” eta orduz geroztik, “Ebroko zuloa bezala ezagutzen da.”

Leize txiki hau Kilimoneko bailararen barrenean dago, Lizarrola eta Errementariko baserrien artean. Barrunbe honek garrantzia du lurpeko emaria jakiteko; izan ere, errekak karga handia duen garaian ur-sorburu bezala bihurtzen da, hau da, “trop pleins”.

19 m besterik sakontzen duen sima honetan azpimarratzekoak dira bai hasiera, blokeen multzo kezkagarri batez osatua eta baita bukaera, sifoien putzuan kokatzen den gela handia.

IRABANETA-ko Kobea:

30m-ko desnibela eta 545m-ko garapena. Gaur egun, kobaren atea itxita dago eta sarbidea debekatuta.

Errementari baserritik oso gertu dagoen zulo honek Kilimonen 310 metroko zirkulazio zati lokabea da, hasierako azaleratzen den sifoia eta bukaerako isurbidearen artean. Horregatik, hurbiltasunengatik eta 6 metroko desnibela dagoenez, ez litzateke zentzugabekoa izango Errementariko ur-sorburuekin komunikatua egotea.

Hasierako sifoi bertatik, azaleratzen den ura presa eta kanalaren bidez Mendaroko tratamendu zentraleraino desbideratzen da Behe-Debako hainbat lekutan hornitzeko.

ERREMENTARI-ko urzuloa:

Kilimonen uharka ondoan dago ur-sorburu txiki hau, bere eskuinaldean, eustormen artean sartua. Metro gutxiko arrapala batez ur putzu batera iristen da, itxuraz garai batean abereak edanarazteko erabiltzen zena eta 4 m ondoren sifonatzen da.

Aran errekako bailara atzean utzita eta arratsaldea hobeto aprobetxatzeko Aizarnara hurbildu ginen, Ertxina mendiaren bertan Javik hainbat barrunbe aurkituta zeuzkan eta horietako errazenetatik pare bat erakustea nahi zizkidan.

AUTZO-ko kobea:

6 metroko desnibela eta 26 metroko garapena. Aho handikoa eta maldaz behera proportzio handiko gela batera jaisten da, bizi-baldintza ezin hobeagoekin. Metro karratu bateko kata bat ikatz hondarrekin aurkitu degu.

KOBA ZULO:

Hau ere barrunbe txikia, aurrekoa baino sarrera askoz txikiagoa duena. 4 metro desnibeleko arrapala batez 35 m jaisten da. Gaur egun zabortegi baten itxura du. Sarreran kalzitako bloke handi baten arrastoa dago eta (Dicc. Geográf. e Histórico de la Real Academia de la Historia, 1802.-Diccionario de Madoz, 1847.-Cavernas y Simas de España, de Puig y Larraz, 1894) kontatzen zuena: Ertxinako koba edo harrobi batetik 1775’an zera atera zuela “piedras de cristal blanco transparente”, horietatik bat “tenía una vara de largo, tres cuartas de ancho y más de 20 pulgadas de grueso, la que fue destinada para el “Real gabinete de Historia Natural de Madrid” izan liteke.

La Leze (udako bigarren aldia)

septiembre 2nd, 2010 by Sabino

Uda honetan bigarren aldiz izan gera La Lezeko arroilan. Joan den larunbatean, eguraldi kaxkarrarekin, taldeko bost kide (argazki sekzioan gabiltzanok) elkartu ginen akzioaren bila eta hau nola plasmatu bi neurritako planoan.

Ohiko bidetik joan beharrean horma azpiko bariantea hartu genuen zuhaitzetatik rappel batzuk jaisteko.

Arroilen ahotik ze emari zeraman ikusi eta argazki-akzioen plana burutzen hasi ginen. Ona hemen argazki bat ateratzeko emandako pausoak:

Gure argazkian azalduko den protagonista Mikel, rappelatzen ari bazen bezela, sokan blokeatuta, aginduen zain.

Bai Sergio argazkilaria eta baita zeraman kamara tripodeekin serio eta ondo anklatuak, posizio egokien bila.

Ainara, iluminazioko teknikoa bezela, beheko marmitatik, aktorearen bizkarrera kontrargia botatzen.

Sabino, iluminazioko laguntzaile bezela, marmitaren urpeko sakona argitzen, urari kolore berdea emanez.

Eta gainaldean Emilio, iturgintza tekniko bezela; alde batetik etzanda, errekaren isuria taponatzen, uraren pasoa kontrolatzeko eta kameran objektiboa irekita zegoen bitartean ur pertzakadak Mikelen aurpegira botatzen.

Eta dena prest zegoenean, hauek emandako aginduak:

-       Aina, ikusten zaitut, mugitu Mikelen bizkarraldera, pixkat gorago, bale, bale!

-       Sabino, argia bakarrik ikustea nahi det, ezkutatu zaitez harkaitz atzealdean!

-       Mikel erne!

-       Benga Emilio, URAAA, bota URA!

BRRRUUUUNNNBBBAAA (kriston ur emarien saltoa Mikelen gainera)

Arratsaldeko hiruretan azaldu ginen beste aldetik, eta dezente hobetu zuen eguraldia, baita gure humorea.

Txango honetako argazki gehiago ikusteko aukera Espeleofotoko orrialde honetan daukazue:

www.flickr.com/photos/rupo/sets/72157624851392240/show/