Patatasoro

enero 31st, 2011 by Sabino

Orain arte leize honen 1100 m-ko garapenak eta 75 m-ko desnibelak besterik zeuden topografiatuta. Datu hauek Leizadi mendiko plano baten gainean kokatuz gero, Leizebeltzekin ukigunea duela dirudi.

Aspalditik genbiltzan bien arteko komunikazioaren bila eta horretarako hiru faseetako plana eratu genuen. Joan den larunbatean, taldeko lau kide abiatu ginen, lehen pausoa emanez, Patatasoroko zati berri bat topografiatzera.

Orain dela zazpi bat urte edo, galeri fosilean, putz egiten zuen arrail bat desblokeatu genuen jarraipen bertikala zuela baieztatzeko, eta galeri hauek ez zeuden berraldatuak topo zaharrean.

Helburu honekin, partaide berri bat izan genuen txango honetan, hamabost urte baino gehiago soka ukitu gabe zeramatzan espeleologo gaztea. Bizikletan bezala, gure kirolean erabiltzen ditugun teknikak, inoiz ahazten ez direla dirudi. Fenomeno paregabea gure Candido jauna, larri ibili ginen bere atzetik, beheko galeriak esploratzen. Bidai borobila burutu genuen eroritako bloke handien artean.

Jasotako datu hauekin, bi leizeen arteko gertutasuna ala elkarren arteko gurutzamendua zehatz-mehatz jakingo degu, bigarren fasera pasatzeko. Leizebeltz izango degu esperimentu honen hurrengo pausoa.

Cañuela koba

enero 27th, 2011 by Sabino

Espeleofotoko kideak asteburu honetan antolatutako argazki-txangoan, taldeko 7 Kide izan gera Kantabriako Cañuela koban, Burgoseko Niphargus espeleo taldekoekin batera, hamahiru tipo elkartu ginen azkenean, Arredondo herritik abiatuta.

Aho handiko sarrera eta ohizkoak ez ditugun neurriak dituenez, 9642 metroko garapen eta 542 metroko desnibelekin, barrunbearen sakonetik kanpoko argiaren dirdira ikus zitekeen. 400m baino gehiago dituen galeri zabal eta altu baten barne, 30 metroko pasamanos batera iritsiko gara, galeriaren arrail erdiko leizapea (P12) saihesteko. Zailtasun handirik gabe, aurrera azkar joko degu Mendebaldeko Haitzarte galerien zehar.

Ezkerreko horman eta Arkuaren Putzura iritsi baino lehentxeago, soka bat bilatu behar genuen 15 metroko aldapa irristakor bat igotzeko, baina ez zen inon agertu. Zorionez, eskertzekoa izan zen hirurogeita hamargarren hamarkadako esploratzaile beteranoa gurekin izatea, taldetxo bat antolatuz ordezko ibilbidea eskuratu eta goitik soka instalatu zuen, behean gelditu ginenok oztopoa igotzea ahalbidetzeko.

Bulebarreko galeri nagusian gaude, zoru laukoa eta galtzeko arriskurik gabe ekingo diogu Bidarte Gelararaino. Bidegurutze honetan bi aukera azaltzen zaizkigu: eskuinekoa, lehen kontrako norabidean, esploratzaileak erabili duena da eta bestalde, ezkerrekoa jarraituz, estalaktitaz apaindutako malda baten ondoren, Irristadako galeriara iritsiko gera (zoru irristakorra duelarik), eta urrun gaude gure ibilbidearen helburuko Zerren galeriatik. Aparteko edertasuna dute zintzilik dauden zerra luzeen itxurazko estalaktitak.

Azkeneko ekinaldia argazkilarientzat eta gela honetan amaitu zuten saioa. Beste talde txiki batek Guillaume gela ospetsuaren oineraino luzatu zuen oraindik txangoa. Neurrigabeko gela, 100 metro desnibeleko menditxoa barne duena eta honen gailurreko bertikalera jaisten ari ziren Nipharguseko beste dozena erdi kideko taldea, Tonio leizetik abiatuta (Tonio-Cañuela) zeharkaldi ezagun hau eskuratzeko, 2 km.ko garapenekin.

Gaua Laredon igaro genuen, primeran afaldu eta gero. Igandean, Carlos V.aren tunelean izan ginen leize sakonetan gauzatu nahi degun argazki proiektu berria praktikatzen.

Argazki gehiago ikusteko aukera:

http://www.flickr.com/photos/rupo/sets/72157625916553706/show/

Uarrain 7, leizea

enero 17th, 2011 by Sabino

Joan den larunbatean, hilbeltzak eskaintzen ari digun uda-giroa aprobetxatuz, taldeko sei kide izan ginen Aralarren, aspalditik ezaguna genuen Pagabe inguruko leize honetan.

Sarrera nahiko estua zuenez, desblokeatzea eskatzen zuen eta behar ziren tresnekin ekipatuak joan ginen: taladroa, esplotoak etab. zuloa handitzeko. Bi leherketa behar izan ziren hasierako lehen oztopoa zabaltzeko. 40 metroko soka ekipatuz, jaisten hasi ginen eztarri bertikal honen barnera. Hamar metrora eta paraleloan, bigarren bertikal txiki bat utziko degu alboan. Hamasei metrora, balkoi batera iristen gera eta jarraitzeko hiru aukera daude, berehala bukatzen diren beste bi galeri bertikalak eta katazulo txiki bat, horizontala hasieran. Mailu eta zizelen laguntzaz, pasu estu hau zabaltzea lortu genuen beste gelatxo batera iristeko; hortik aurrera, koladaz osatutako diametro txikiko bertikal batean bukatzen dela ematen du leize honen progresioa (botatako harriak, bost bat metro beherago gelditzen baitziren).

Sarrerako galeriaren hormetako materiala oso pitzatua dago eta zorua txintxorrez zikindua. Zoritxarrez, istripu bat izan genuen horietako harri bat erori zenean, karanbola bat lortu zuen frakzionamenduan zegoenari kasko eta sorbaldan jotzen eta beheko balkoian zegoenari eskuan kolpea jasoz. Ez zen hainbesterainokoa izan baina hatzan mina hartu zuenak, gorako bidea hartu behar izan zuen, “gazteei” lekua utziz.

Joan den hilabetean izandako hotzak kontuan hartuta, bordan egindako azken ur kainerien instalazioko aldaketen baiezkoa egiaztatzen izan ginen. Gure eskuetan dago orduan, aurreko urtetan gertatutakoa ez errepikatzea, horretarako arauak betetzea gogorarazten dizuegu.

 

Elurzuloak Aralarren

enero 13th, 2011 by Sabino

Aralar ipar-ekialdeko txangoa burutu nuen neu bakarrik joan den larunbatean, elurra gordetzen duten hainbat barrunbe kokapenen bila. Amezketatik abiatu eta minetako bidean gora, aspalditik lokalizatuta genuen zulotxo batekin hasiko gera, AKELOGAÑEKO Aizpea: 800 bat metroko kotan. Artubi hegoaldetik jaisten den kareharrizko maldan kokatua. Sarrera oso bitxia, arku bat zeharkatu ondoren gela maldatsu batean berehala bukatzen da progresioa.

Igaratzako bidea jarraituz, Pardelutseko etxoletatik oso gertu topatzen dira hurrengo beste bi barrunbeak: ELURZULO, Pardarri mendiko ipar-ipar-ekialdean kokatua. Neguan, elur asko metatzen du leize honek, eta urte osoa irauten du askotan. Izotza fabrikatzeko industria jaio aurretik, Enirio Aralar Batasunak urtero alokatzen zuen leize hau.

Metro oso gutxitara dago PARDELUTSeko haitzuloa. Bi sarrerekin: nagusia, horizontalean eta dimentsio handikoa, eta tximini-leizea bigarrena, kobaren atari erdian. Elurra goiko dolinatik sartzen zaio, izotz-zutabe handi bat osatuz.

Gaurko ibilbideari norabidea aldatuz, Aldaon mendiko gailurretik 800 metrora KOA 2 kobazuloa aurkitzen da, Koagaine muinoaren ekialdeko maldan. 12 metro maldaz behera eta 30 metroko garapena du beste elurzulo honek, hau ere elur pilaketa handikoa.

Urtiaga 2

enero 5th, 2011 by Sabino

2010eko urteari bukaera emateko, taldeko bi saltxero izan ginen Itziar inguruan goiz txango bat dastatzera.

Koba hau Urtiaga 1 baino pittin bat beherago dago, Salvatore mendiaren hegalean. Bi sarbide ditu, bat horizontala eta leizea bestea, galeria-sare baten bidez komunikatuak. Sarrera horizontala dena, garai bateko haitzuloaren sarrera nagusia izan beharko luke, baina gaur egun ez zaio zati bat besterik geratzen hondakinekin itsu delako. Maldaz behera jotzen duen katazuloa da eta metro batzuk aurrerago, galeri nagusia zabaltzen da horizontalki, espeleotema aktiboaz oso dekoratua, hainbat zutabe estilizatu barne.

Beste leize sarrera, txikiagoa oraindik, Urtiaga 1-etik oso gertu kokatzen da eta 13 metroko bertikala du lehengo galeri nagusiekin topo egiteko. Azken gelara iritsi aurretik, ezkerrean geratzen den katazulo estutik eta 30 m beherago, errekaren galeriara iristen da.

500 metroko garapena eta 35 metroko desnibela ditu.

Aztarnategia du. Aranzadi eta Barandiaranek 1982an induskatu zuen, eta haitzuloan aurkitutako harri material bakarra sarrerako lehen atalean aurkitu zen (argi ikusten da egindako kata).

Neguko hartz ohe-zuloak (Ursus spelaeus-enak) eta hainbat hartz nahiz beste animalien hezur arrastoak ditu. Azpimarratzekoa da Mamut baten kurkuluxa aurkitzea.