Jentiletxeta eta Apaineko meategiak

octubre 28th, 2011 by Sabino

Taldeko lau kide izan ginen joan den asteartean Olatz inguruan, antzinako meategien bila. Bi leku desberdinetan zeuzkan prospektatuta Javik (gure geologo saltseroena), garai bateko meatze-ustiaketak. Arditurri eta Aralarren jaso degun esperientzia aprobetxatuz, Gipuzkoako eremu desberdinetan kokatzen diren ustiaketak ikertzeko prest gaude.

Jentiletxetako haitzuloetatik pasa ginen, oroimen genituen aspaldiko bisitak gogoratzeko, eta garai bateko katan gainaldean, lehen gizakiek utzitako arrastoak (lapa oskolak, zeramika zatiak eta hezurrak), ikus daitezke oraindik. Nahiko gertu, mendiaren ipar-magalean agertzen da meatze handi baten ahoa, sarrera bloke handi batez trabatua. 10m-ko soka bat naturalean instalatuz, konplikaziorik gabe jaisten gera beheko galeriara. Sarrerako bertikalpean eta ezkerraldean, laster bukatzen den galeri makur eta bihurgunetsu bat daukagu. Eskuinaldean berriz, hondakinez estalitako behera doan makur gelatxoa, hormak kuartzita kristalez josita. Bertikaletik aurrera jarraituz, galeri altu, zabala eta argitsua daukagu, goiko sabaia zeru argira doana. Bide nagusi hau paretan berriro sartzen denean, beste hiru galeriatxoetan banatzen da. Ezkerrekoa, mina-galeriak txikitu duen leize naturala da eta tximiniako hormak koladaz estalita ditu, baita lurrean daukan meandro bitxi bat ere. Eskuineko galeria, makurra eta maldaz behera doa, hau ere naturala; 20m arrastaka jaitsi ondoren, zutitu litekeen meandro estu batera iristen da, jarraitu ezinik. Aurrera segitu ezkero, berehala bukatzen da gizakiek egindako mina-galeria. Meategi nahiko modernoa dirudi eta ez degu gauza interesgarririk aurkitu.

 

Arno mendateko igoeran, Apaineko Donejakue bide ondoan, beste meatzegune interesgarri bat bisitatu genuen. Itsura oso onekoa, bide zahar honen ondoan dagoela kontuetan hartuta. Gainbegiratuta, garai bateko meategi arrasto ugari azaltzen dira eremu honetan: Arritzagan aurkitu ditugun zeru argira hustutako lubaki antzekoak, minerala kiskaltzeko labea, lehen izaten ziren bezain tamaina txikiko materialen hondakindegiak. Hurrengo bisitaren zain, zepa lagin bat jaso degu analizatzera bidaltzeko.

 

Ernioko Kiropteroak Sagain Zelaian

octubre 27th, 2011 by Sabino

Joan den larunbatean, taldeko hiru kide izan ginen Sagain Zelaian, Bergarako Pol-Pol eta Naturzaintzako biologo koadrilekin batera.

Alkizako udaletxeentzat natur-lan bat egiten ari dira eta laguntza eskatu ziguten Ernio eremuen barrunbeetako saguzarren koloniak ezagutzen al genituen edo.

Ez genuen ale asko ikusteko suerte handirik izan. Negualdean eta hibernatzen ari direnean, zientoka saguzar ikusi izan baititugu Kobazulo honetan.

Euskal Herrian 25 espezie inguru daudela estimatzen da eta intsektujaleak dira. Mundu guztian aurkitzen dira, poloetan ezik. Espezie txikienek 29-33 mm artean neurtu eta 2 g-ko pisua dute; handienek berriz 1,5 m-ko tamaina eta 1,2 kg-ko pisua lortzen dute Australia aldean.

Bizitokiak saguzar espezieen arabera aldatzen dira. Hiru portaera nagusitzen dira: urte osoan zehar barrunbeetan bizi direnak (haitzulotarrak), urteko garai batzuk bakarrik pasatzen dituztenak kobazuloan (erdi-haitzulotarrak) eta urte osoan zehar kanpoan bizi direnak (kanpotiarrak).

Ehizatzeko eta mugitzeko ekolokazioa deitzen den sonar sistema natural bat baliatzen dute. Ultrasoinuak ahotik bidaltzen ditu eta uhin horiek, inguruko objektuetan islatzen dira, atzera saguzarraren belarrietara itzuliz; honek, 3D-dimentsiotako mapa bat sor dezake, bere buruan uhinek itzultzeko behar izan duten denbora distantziak neurtzeko erabiliz. Saguzarrak sortutako ultrasoinu horiek ez dira entzungarriak gizakiarentzat, eta espezieen arabera iraupena eta frekuentzia aldatu egiten da. Halere, gizakiak entzun ditzakeen moduko soinuak eta garrasitxoak sortzeko gai dira, baina horien helburua arrunt ezberdina da (kexazko oihu sozialak, plazerezkoak, ama eta umearen artekoak, oldarkorrak, defentsazkoak, limurtzaileak etb). Harrapakina ehizatzeko ahoa erabiltzen dute edo bestela hegoak, salabardoak bezala. Ehiza eremuak 3 km-tik 25 km-ra heda daitezke, espeziearen arabera. Saguzar batek 3000 intsektu harrapa ditzake gau bakar batean; kilo bat intsektu inguru martxoa eta azaroa artean.

Kiropteroak bitarteko edo aldiuneko biziguneetan hartzen dute aterpe. Hibernazio garairako koipe erreserba ugaria behar dutenez, asko ehizatzen dute. Ugaldu ere udazkenean egiten dira.

Neguan hibernatzen dute, janari eskasiak bultzaturik. Hibernazioa azaro erditik aurrera hasten da eta tenperatura berdina duten toki lasaietan beti, heze eta ilunak hautatzen dituzte (lurpeko harrobiak, harpeak, leizeak…). Sabaitik eskegita hibernatzen dute, paretetan finkatuak edo haien gorputza harriarekin kontaktuan egoteko aukera ematen dieten tarte estuetan bestela. Hibernazio edo negutze garaian, bihotzaren taupadak geldotu egiten zaizkie eta arnasaldiak moteldu. Horrez gain, gorputzaren tenperatura apaldu egiten da. Espezie batzuetan, indibiduoak batak besteen kontra jartzen dira berotasun jaitsiera mugatzeko eta multzo bereizgarriak osatzen dituzte. Negutze erdian esnatu ezkero, haien bizia arriskutan jartzen dute energia xahutze handia suposatzen duelako horrek. Hori dela eta, linternekin argitzea, mugikorrak erabiltzea, oihukatzea edo mugimendu bortitzak egitea, kaltegarria da saguzar koloniarentzat.

Udaberrian, saguzarrak ehizan eta aldiuneko aterpeetan bizitzen hasten dira berriz eta ernaldia orduan hasiko da.

Udan, emeak erditze kolonietan biltzen dira arrak bazter batean utziz. Ekain amaieran eta uztaila hasieran, emeek kume bakar batez erditzen dute.

Saguzarrak desagertzeko zorian daudela eta, babestutako animaliak dira. Hauek dira kiropteroek aurkitzen ahal dituzten arrisku nagusiak:

Gai toxikoak: pestizidek edo/eta ongailu kimikoek intoxikatutako intsektuak jatean, pozoia gantzean edo amaren esnean geratzen da. Hori dela eta, batez ere hibernazio garaian (haien koipea bakarrik kontsumitzen dutenean) eta edoskitze garaian (amaren pozoitutako esnea edaten dutelarik) hiltzen dira. Bestalde, behiei ematen zaizkien zizareen aurkako botikak, digestio aparatuan dauden parasitoak akabatzen dituztenez, behi kakan aurkitzen dira eta saguzarrek jaten dituzten intsektuak kutsatu litzakete.

Behar ez denean esnatzea: Neguan edo egunez esnatu ezkero, honek suposatzen duen energia gastatzeak, kiropteroak asko nekatzen ditu eta heriotza eragin liezaioke.

Biziguneen itxiera: Eraikuntza zaharren berrikuntzak, irekidura zein sotorik ez duten eraikin modernoen garapenarekin eta ganbarak edo ganerrak logela bihurtzearekin batera, saguzarrei usaian erabiltzen dituzten eremuak kentzen dizkie (teilatupeak, eliza-dorreak, ganbarak, zubiak…). Meatze eta harrobien lurpeko zatiak segurtasunagatik isten dituztenean, espezie haitzulotarrek bizitokia galtzen dute. Horrez gain, zuhaitz zaharrak eta basoak mozteak zuhaitzetan bizi diren saguzarrei etxea kentzen die.

Ingurumenaren aldaketa: Intsektuentzat lagungarri diren biotopoen desagertzeak (hesiak, eremu hezeak, zuhaiztiak…) saguzarrei beharrezkoa zaien janari iturria murrizten du. Erretxina duten landareak eta zuhaitzak landatzeak eragin berdina du.

Harrapariak: Etxeko katuak, katajineta arruntak eta hontzak besteak beste, baina oso arraroa da.

 

Erreskate Simulazioa Salbada mendilerroko SI-44 leizean

octubre 18th, 2011 by Sabino

Joan den asteburu honetan, ehun bat espeleologok hartu degu parte Orduñan, Euskal Espeleo-Laguntza elkarteak antolatu duen urteroko erreskate simulazio orokorrean, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzaren laguntzarekin. Taldeko sei kide izan gera bertan, binaka banatuta hainbat talde laguntzetan.

Bi zaurituen erreskate ariketan, Euskal Espeleo-Laguntza elkarteko kideez gain, Ertzaintzako Brigada Mugikorreko mendi taldeko kideak, Bizkaiko Foru Aldundiko SEIS taldeko kideak eta Gurutze Gorriko Unitate Alpinokoak izan ziren, azken hauek laguntza logistikoa emanez. Era berean, beste autonomia erkidego batzuetatik etorritako espeleo-sorosleek ere parte hartu dute.

Gaurko honetan hautatuko SI-44 leize famatuan izan gera, Sima del Hayal de la Ponata 1 izena duena (Hayal de la Ponata Sisteman, 45 kilometrokoa eta 415 metroko desnibelarekin), Orduñan, La Ponata inguruan.

Aurrekoetan hautatutakoak baino bertikaltasun gutxiago du barrunbe honek, baina, aldiz, esku-ohean egin beharreko ibilbideak luze eta gorabeheratsuak izan ziren. Istripuaren lekua ahotik 2 kilometrotara kokatu zen eta nola Paulovaren meandro inguruan konplikazioak ikusi ziren, ibilbidea bi zatitan banatzea erabaki zen, bi esku-ohe desberdinekin. Kontutan hartu behar da barrunbearen zailtasuna, baita inplikatutako logistika ere.

Komunikazio taldekoak hasi ziren lanean zaurituengana iristeko ibilbidea instalatuz, lur azpian diharduten taldeek aginte-postuarekin harremanetan egoteko komunikazio-sistema ezarriz.

Hauen atzetik lehenengo sorosle taldea sartu zen (taldeko bi kide artean) eta hurrengoak sanitarioak izan ziren. Hortik aurrera, barruko komunikazioen arabera, pixkanaka sartu ziren beste taldeak, taldeko beste bi bigarrenean eta azkeneko bikotea laugarrenekin batera, bideo grabaketa lanetan. Goizeko hamaiketan sartu ziren lehenengoak eta azkenekoak, bosgarren taldea, gaueko hamabi terdi inguruan.

Sorosleek batez beste, 10-14 ordu bitartean aritu ginen lanean lur azpian.

Luzeran E-M norabidean antolatutako galerien multzo batek osatzen du sarea, labirinto itxurako hainbat gunekin eta gainjarritako solairuekin. Ardatz nagusiak 13 kilometroko luzera du, SI.44 sarreratik bukaerako sifoira arte, E-M ibilbidea jarraitzen du eta Hayal de Ponata, Red del Duque eta Kobata ibaietako emariak jasotzen ditu.

Barrunbea ur dezente daramaten hodiz, maldaz eta katazulo ugariz osatuta dago, baita ibaiez ere. Sifoi itxurako zenbait pasabide ditu, azkena oso arriskutsua delarik, inguruan 20 metrora heltzen diren maila aldaketekin.

Tamaina apaleko zenbait igarobide daude ibilbidean, baita zenbait ibairen ibilguak eta urak hartutako guneak ere.

Gaueko hirurak inguruan bukatu genuen prestatu ziguten afari goxoekin eta lo egin gabe, jardunaldiari sinadura jartzeko, azkeneko astakeria burutu behar zen etxerako bidea hartuz. Goizeko seietan ginen Hernaniko lokalean, sekulako pasada jasota eta batzuk errekuperatu ezinik …

Agidoko kobea eta Pagatzako leizea

octubre 18th, 2011 by Sabino

Izarraitzeko karst ezagutzen jarraitzeko, Pilarika egunean izan ginen taldeko bi kide, eremu interesgarri honen beste bi barrunbeetan. Zestoatik gertu, Agido mendiko haitzulo batean, eta Itziar inguruko beste leize famatuan.

Agidoko kobea

54m-ko garapen eta 23m-ko desnibelekin.

Zestoako mendi kuttun honetan ezkutatzen zaizkigu gaur, behelainoen artean, dimentsio apaleko barrunbe batzuk. Pistatik desbideratu eta begetazioekin borrokatuz, aldapa pikoa daukagu aurrean gailurreko kareharrizko labarrera iristeko. Horizontalki eskuinera segituz, 20m-ko leizetxo baten ahora hurbiltzen gera eta jarraipenik gabeko zulo bertikala besterik ez dela, dio esplorazioak. 50 m mendiko maldaz beherago eta pago handi baten sustraien azpian aurkitzen da Agidoko haitzuloaren aho handia.

Sarrera maldatsu honek, tamaina handiko gela batera eramaten gaitu. Lurzorua bloke handiz trabatua dauka, jarraitzeko posibilitatea galaraziz. Berehala bukatzen diren hiru bertikal aztertu eta gero, galeri ezezagun bat ezkutatzen da oraindik bloke baten azpialdean, baina progresioak, desblokeatzea eskatzen du. Zuloz behera botatako harritxoa, 2m beherago dagoen kolada baten gainean erortzen da, zarata segundo luze batzuetan entzunez, nahiz eta haizerik ez nabarmendu.

 

Pagatzako leizea

200m-ko garapen eta 150m-ko desnibelekin.

Aixako barrunbe ospetsuen hurbilean eta izen bereko baserrien belardiaren gainaldeko pinudian, kokatzen da leize honen ahoa, alanbre-hesi batez babestuta.

20m bertikal ditu lehen saltoak gehi beste 20m-ko arrapalekin, teilatu laua duen gela nagusira ailegatzeko. Eremu karstiko honen bolumen handien duena. Lurzorua bloke handiz josita eta maldaz behera doa. Leku bat baino gehiagoetatik jarraitu liteke oraindik beheraka bloke hauen artean. Aurrera egitean, horietako batetik jarraituz 150m-ko sakonera lortuko da. Hainbat putzu aztertu izan dira bestelako emaitzarik lortu gabe.

Barrunbe honen behea, Aixako sifoien ondoan dauden galeri fosiletik gertu behar dela dirudi.

 

Lastur haraneko barrunbe ospetsuak

octubre 14th, 2011 by Sabino

Izarraitz mendilerroko Lastur bailara inguruan izan ginen joan den igandean taldeko bi kide, barrunbe ospetsu batzuen egoera aztertzeko asmoz. Lasturreko San Nikolasetik Arbil kobara joan ginen eta Etxeberri harrobitik, Gazteluko kobara eta gero, Ugarteberriko barrunbeak bisitatzera.

Arbil

Haitzuloa, galeri luze eta bihurri bat da. Bere ahoa, mendebaldera begira, 1,95 metroko altuera eta 2,4 m zabalerako arku baten itxura du eta tamaina handiko haritz bat dauka bere aurrean. 180m-ko garapena eta 10m desnibelekin.

Atondoa oso laua da eta galeria berehala zabaltzen da altura hartuz. Kolada bat igo ondoren balkoi batera iritsiko gera, konplikazio handirik gabeko jarraipenekin. Eskuinaldean, 6m-ko bertikala jaitsita, 50m aurrerago bukatzen da koba honen progresioa.

Aranzadik eta Barandiaranek, 1926an aztarnategia aurkitu eta kata bat praktikatu zuten. Baina 1986arte itxaron behar izan zuten Azpeitiko Antxieta taldeak barruko galerien gainazalean lurperatzeko gune bat aurkitzeko.

 

Gaztelu

Lastur haranaren hegoaldean kokatzen da, Gaztelu mendiaren HEko mazelan eta gailurretik 50m-tara. Sarrerak 4m eta 1,5m altuerakoa da eta IE aldera begira dago, 145m-ko garapen eta 21m-ko desnibelekin.

Kobazuloa galeri handi xamar batek osatzen du eta bukaera aldean hirutan banatzen da, zenbait leize agertuz. Nahiko zikina topatu degu: botilak, plastikoak etab …-ez josia.

Aztarnategia J.Telleriak aurkitu zuen 1972an. Bere kolaboratzaileek lagundurik, kata bat egin zuen eta baita beste bat Azkoitiko Munibe Taldeko kideek, urte bat beranduago. Sarreran atzazalez apainduriko kordoia duen ontzi baten zatiak aurkitu ziren eta hartz hezurrak barneko leizeetan. Mihi gaiztoek diotenez, bahitutako norbait eduki zuen barrunbe honek.

 

Ugarteberri 1 eta 2

Harrobiaren parean eta Ugarteberriko dolinatik gertu, irekitzen dira Ugarteberri 1 eta 2 kobazulo ezagun hauen ahoak. Barrunbe erosoak eta erraz bisitatu daitezkeenak, dimentsio apalekoak eta elkar lotutakoak.

Ugarteberri 2 haitzulo fosilak, oinplano nahiko horizontala du, apur bat beherantz doana eta 11 metroko salto bertikal batean bukatzen dena. Behera jarraitu ezkero, erreka txiki bat bidaiatzen duten beste galeri sorta batzuekin topatzen gera. Igotzen den horietako batetik segitu eta bigarren ahotik irtengo gara gure ibilbideari amaiera emateko. Guztiz, 198 m-ko garapen eta 11m-ko desnibelekin. Bigarren aho honen ondoan, Ugarteberri 1 kobaren sarrera degu, meandro estu eta bihurria, metro gutxitara bukatzen dena.

Aspalditik ezagutzen genuen barrunbe honek zuen saguzarren kolonia aberatsa, baina ondoko harrobia ireki zuenetik, desagertu arte ihes egin zutela pentsatzen genuen. Zorionez, eta itxaropenez, gaurko txangoan 23 ale zenbatu ditugu.

 

La Cubada Grande (Burgos)

octubre 5th, 2011 by Sabino

Ez genuen Burgos probintziako lurpea aspaldian bisitatzen eta aitzakia Espeleofotoko Rupok eman zigun joan den larunbatean, Malagatar 9 kideko espeleo talde batekin gelditu zelako Espinosa de los Monterosen. Erregaitz eta eskarmentu handiko Loreto Wallace zetorren talde honen buruzagi bezela, hirurogeita hamarkadan espeleoan hasitako emakume bakarra (Andaluzian behintzat). Taldeko hiru kide izan ginen deialdi honetan.

7569m garapen eta 400m-ko sakonekin, la Cubada Grande Sistema, Burgos probintziako hirugarren barrunbe sakon eta garrantzitsuena da. Edelweiss espeleo taldeak 1984tik 1986ra esploratutakoa.

Putzu luzeak gordetzen ditu, gela handiak eta sistema honen ardatza den galeri ikusgarri bat, erabateko isiltasuna hausten duen erreka isuriz.

La Cubada Grande mendia (1610m), Burgos probintziako ipar-mendebaldean dago eta kareharrizko masa honen sabelean kokatzen da leize sistema. Gaur egun, sistemekin konektatzeko lau sarrera daude: CM6 (101metroko bertikalekin), CM20 (gaur egun sarrera normala dena), baita CM25 eta CM35.

11 kide jaitsi ginen gaurko honetan CM20 sarreratik, frakzionatutako zilindrikoa den putzu txiki bat. Barrunbearen jarraipenak leiho txiki bat gainditzea eskatzen du berehala, eta zoritxarrez, parte-hartzaile batek buelta eman behar izan zuen pasa ezinik. Sistema ardatzaren bila aurrera jarraitzeko, beste bi aukera dauzkagu: 50 m-ko bertikal zintzilikatutako “Pozo Directo” ohikoa, edo bestela 35 m-ko “Pozo del Agüe”, kareharrizko pare bat meandro aurrerago, 15 m-ko kolada beltz bat jaitsi ondoren “Ahívas” galeri nagusira iristeko. Aurrerapena azkartzeko, 10 kide bi taldetan zatituz, bi bertikal hauek instalatu ziren.

Ala eta ikusgarriagoa egiten zen Ahívas galeriaren jarraipena, 7 m-tik 20 m-ko zabalera eta 30 m-ko ia altuera uniformeekin.

Errekak emari gutxi zeraman (udan bakarrik gertatze omen da), baina ikusgai dira bere efektuak hareharri hauskorrezko galeri honetan: marmitak, arroilak eta forma guratsuak, kaoba eta beltz kolorekoak.

Hiru erreka gelaren inguruan, beste galeri estu eta maldatsu bat jarraituz “kristalen meandrora” iristen gera, “otsoen hortz” formazio bitxiez apaindutako hormak.

Bloke handien tartean, ardatz nagusiaren norabidea bestaldera aurrera eginez, “Volcán” gelan amaitu genuen txangoa.

Gaueko hamar terdietan irten ginen leizetik eta oso gutxi falta izan zen afari pasiego goxorik gabe geratzeko, jardunaldiari ginda jartzeko. Machorras herrixkako tabernan gozatu genuen, bai dastatzeko produktuekin baita lagun berri hauen gonbidapenekin, Andaluzia oso handia dela eta zuloz beteta dagoela, gure zain…

argazki gehiago ikusteko aukera:

http://www.flickr.com/photos/rupo/sets/72157624411954369/show/