AK-13 (hirugarren saiakera)

enero 30th, 2012 by Sabino

Leize honen hirugarren saiakera eta aurtengo lehena. Asteburu zuri honetan, Aralarko bordan izan ginen taldeko bost kide, esplorazioekin jarraitzeko.

Akaitz erreka bailarako elur manta handi baten azpian eta isiltasun zuriarekin gozatuz, desblokeatzeko tresnekin sartu ginen barrunbearen sabela zirikatzera. Gaur ez zuen udaran hainbesteko haizerik botatzen, eta lau orduko lana amaitu ondoren, zulagailuaren bateria hustu arte, metro bat besterik ez genuen aurreratzea lortu, baina itxaropentsu gaude tapoi hau gainditu ondoren susmatzen den hurrengo meandroak, poz bat baino gehiago ekarriko dizkigulakoan.

Gorputza zurrun eta izoztuta irten ginen. Bidai luzea geratzen zitzaigun oraindik bordara iristeko, tximiniako sutearen ondoan egoteko desioz.

Ez dago egongela ezta telebistako programa hobeagorik, sugar dantzaren mugimendu leun eta euren berotasunen goxotasunekin konparatzekorik. Beste askotan bezela, barre ziropa dastatuz, munduko nahiz gorputz barneko gaitz guztiak sendatuz, konturatu gabe iritsi zitzaizkigun gaueko ordu txikiak.

Marizulo

enero 24th, 2012 by Sabino

Aspaldiko partez eta eguraldi nahiko kaxkarrekin, Larraitzen elkartu ginen taldeko zortzi kide, Mariren bizileku ospetsu honen bila.

Oso ezaguna den, Muitzetik Txindoki edo Larrunarri mendiko tontorrera doan ibilbidea jarraituta, gailurrera iritsi baino lehentxo desbideratuko gera hain ezaguna ez den “Marizulo” deritzon kobazulora. Txindoki izeneko borda erori baten ondotik pasa, (hortik dator Txindokiko gaina bezela ezagutzen degun izena) eta bertatik, Marizulora doan bidea abiatzen da, ez oso garbia eta batzuetan nahiko arriskutsua, beraz, arreta osoz joatea gomendatzen da. Horma bertikal handi baten behealdeko arrail batean dauka kokatua bere ahoa. Progresio nahiko horizontala eta bukaeran, 8m-ko leize txiki baten koladan aurkitzen dira bila genbiltzan barrunbearen kristau inskripzio interesgarrienak.

Mari, Euskal mitologiako jeinu garrantzitsuena da eta beste jeinu guztien buruzagi edo nagusia. Lurraren pertsonifikazio andrazko honek, jaungoiko zerutiarrak iritsi aurretik, herri matriarkalek gurtzen zuten mito lurtarren zantzuak ditu. Naturaren eta beronen osagai guztien erregina. Argi dagoela ematen du pertsonai hau, kristautasuna gure herrira iritsi aurrekoa dela, eta jainkosa maila izango zuela garai bateko euskaldunentzat.

Izen ugari hartu izan ditu, baina zaharrena Mari dela dirudi, eta askotan, agertzen den lekuaren izena eramaten du alboan: Txindokiko Mari, Anbotoko Mari…

Justiziaren jainkosa dugu Mari, zintzotasunaren defendatzaile eta injustizien aurrean zorrotz jokatzen duena. Jeinu honek gezurra, lapurreta, emandako hitza ez betetzea, pertsonenganako errespetu eza eta harrokeria arbuiatzen ditu; aldiz, besteenganako laguntasuna saritzen du. Harengan sinesten dutenei laguntza eta opariak ematen dizkie; aldiz, sinesten ez dutenak zigortu egiten ditu. Lapurrei lapurtu dutena kentzen die eta harrokeria erabili duenari, zertaz harrotu den, hura kentzen dio.

Naturaren indarra irudikatzen du, eta, bere botere ahaltsuarekin, naturako indarren arteko oreka mantentzen du. Naturaren erregina da eta Mari hurbil denean, ekaitza etortzen da. Leku askotan Marirengana joaten ziren kazkabarra uxatzeko eskatzera. Horretarako, haren haitzulo sarreran, meza ospatzen omen zuen herriko apaizak. Horrek adierazten digu, herriak kristautasuna bereganatu ondoren ere, ez zela desagertu Marirenganako sinesmena.

Askotan, dotore jantzitako emakume eder baten itxuran agertzen zaigu. Amezketan, lau zaldik daramaten gurdi baten gainean zerua zeharkatzen ikusi izan dute. Animalia itxuran, suzko igitai itxuran, haize bolada itxuran edo hodei nahiz ostadar itxuran ere azaltzen da zenbait lekutako elezaharretan. Bere haitzulo sarreran, ondoan ahari bat duela ere agertzen da, hori baita bere animalia kuttuna.

Mari, pertsonaia mitologiko lurtarra den heinean, lur azpian bizi da, eta haitzuloetatik nahiz osinetatik kanporatzen da. Leku askotan ikusi izan da. Hauexek zulo entzunenak: Baltzola (Diman), Supelaur (Orozkon eta Anboton), Atxorrotx (Eskoriatzan, Zaldiaranen eta Aketegin), Agamunda (Ataunen), Murumendi (Beasainen), Marizulo, (Amezketan), Akelarre (Zugarramurdin), Lezia (Saran), eta abar. Euskal Herri osoan zehar ditu egoitzak, eta alde batetik bestera ibiltzen da aldatzen. Zerua gurutzatzen duen gurdi batetan jesarrita agertzen zaigu. Sua darion emakume baten irudia, antxume baten gainean dagoena. Bere burua ilargi beteak inguratzen duela ere esaten dute. Hegazti oinak batzuentzat, edo ahuntzarenak. Arrano edo putrearen itxuran, arbolarenean, haize bolada bezala, laino zuria … Modu batera edo bestera agertzen zaigu kondairaren arabera, baina denak ados daude hau emakumezkoa dela esatean.

Norbait Mariren bizilekura sartuz gero, zigortu egiten du; eta haren baimenarekin norbait hurbiltzen bazaio, baldintza batzuk bete beharko ditu. Lehenik, hika egin behar zaio. Gainera, bere koban ezin gaitezke jesarri. Amaitzeko, sartu garen bezela irten beharko gera handik (aurreraka sartu ezkero atzeraka irten behar).

Baldintza guztiak bete genituen bere presentziaz ohartu gabe eta Euskal lurpeko Damaren jauregi honetan dokumentazio lan bikaina burutu genuelakoan, esker beroa bidali nahi diogu hemendik gure Mariri.

A1-Lz koba

enero 17th, 2012 by Sabino

Taldeko bost kide izan ginen joan den larunbatean Aralarreko hego urgonianoan kokatutako koba batean, zientzia-lanetan emaitza oso interesgarriak lortuz.

Gure arbasoek Mari jainkosari eskaintza egiteko gurtza tokia susmagarria dugu barrunbe hau.

Taldetan banatu ginen geure buruari ezarri genituen lanak burutzeko: argazki dokumentazio mitologikoa, bazter ezezagunen esplorazioa, topografia eta kata arkeologikoak.

Arrigarria da tenplu honen aldare nagusiko estalagmita antropomorfoa, baita aztarna eta galdera asko barrunbearen garapenean zehar.

Sarreratik urruneko gune batean, zorua gours askoz jositako gelan, hauek ikazkinak, zeramika eta hezurrez beteta agertzen dira, batez ere garai bateko eskaintzen hondakinak litezke.

Beste galeri meandriforme txiki batean hezur bat (gizahezur litekeena) aurkitu degu, horizontalki horman sartuta eta konkrezionatua, bere esanahiari jaramonik egin gabe.

Beste lur bazterraldean, geruza estagmítiko mantu batekin kolmatatuta zegoen katazulo bat desblokeatu degu, 5m aurrerago bukatzen dela egiaztatzeko, baina lan horri esker, aztertzeko dauden beste ikatz hondarrak aurkitu izan dira solairu honen azpian.

Aurkikuntza guzti hauen adina karbono 14 datazioen bitartez zehaztu ondoren, jarraitzeko asmoa dago haitzuloaren ikerketarekin.