Artículo en la revista “mantangorri” “Esperimentuaren lehen proba”

Felix Ugarte Elkarteari esker, Ultima Patagonia 2010 espedizioko kideekin harremanetan jartzeko aukera izan du Euskal Herriko ikastetxe batek, lehenengoz. Madre de Dios uhartean daude ikerlariak lanean, Txileko Patagonian, Hego Ameriketan.

Ultima Patagonia1Ultima Patagonia2

Esperimentuaren lehen proba

Urrun, oso urrun dago Patagonia. Euskal Herritik 12.500 kilometrora, gutxi gorabehera. Hegazkinez, 15 bat orduko bidaia. Minutu gutxiren buruan, baina, Txileko Patagoniara bidaiatzeko aukera izan zuten Irungo (Gipuzkoa) Dunboa Ikastetxe Publikoko Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleek. Otsailaren 23an egin zuten bidaia hori.
Felix Ugarte Elkartearen ekimenez, Madre de Dios uhartean lanean ari diren Ultima Patagonia 2010 espedizioko zientzialariekin harremanetan jartzeko zortea izan zuten ikasleek. Zuzeneko kontaktua izan zen, gainera, bideokonferentzia bidezko elkarrizketa. EADS Astrium enpresaren laguntzari esker laburtu zituzten distantziak, eta bideoz hitz egin ahal izan zuten Irungo ikasleek Txileko zientzialariekin.

Ultima Patagonia5

Lurpeko eremuen ikerketaz eta zaintzaz arduratzen da Felix Ugarte Elkartea. Txileko Patagonian dagoen uharte bakartia da Madre de Dios. Kontinentetik 300 kilometrora dago uhartea. Hogeita hamar orduko bidaia itsasontziz, kontinentetik uhartera. Itsasoa dago kontinentearen eta uhartearen artean.
Gaur egun uhartean inor bizi ez bada ere, garai batean populatutako uhartea izan zen. Kareharrizko uhartea, kobazuloz beteriko ingurua. «Ikerketak egiteko oso leku interesgarria da. Kobazulo horietan informazio oso baliotsua dago», espedizioko zientzialarien hitzetan. 1995. urtean hasi ziren ikerketak egiten uhartean. Geroztik, lau espedizio egin dituzte. Frantziako eta Txileko espeleologoek, geologoek eta arkeologoek osatzen dute ikerketa taldea. Antzina uhartean bizi izan zen zibilizazioaren aztarnak topatu izan dituzte, baita geologiarekin eta geomorfologiarekin loturiko datu interesgarriak ere.

Ultima Patagonia6

Ikasleekin trukea

Frantziako eta Txileko ikasleekin partekatzen dituzte ikerketan lortutako emaitzak 2008. urtetik. Aurten, lehenengoz, Felix Ugarte Elkartearekin jarri dira harremanetan espedizioko kideak, Euskal Herriko ikastetxe batek proiektuan eta informazioaren trukean parte hartzeko aukera izan dezan. Irungo Dunboa ikastetxea izan da aukeratua. «Oso pozik» hartu zuten erabakia ikastetxean. Halaxe aitortu digu, bederen, Manolo Hernandez Inguruneko irakasleak: «Guretzako aukera paregabea da benetako zientzialariekin harremanetan jarri ahal izatea». «Esperimentu bat da, erronka
bat. Orain arte liburu bidez landu ditugun Inguruneko edukiak beste modu batera irakasteko aukera eskaini digu proiektuak, eta hori izugarria da. Ingurunea irakasteko modu entretenigarriagoa da. Ikasleak ere motibatuagoak daude, gogotsuago lan egiten dute», dio, pozez, irakasleak. Orotara, LHko bosgarren mailako 35 ikasle ari dira burubelarri lanean.

Astero, Ingurunea lantzeko lau bat ordu dituzte, eta Inguruneko saio guztiak proiektuko edukiak lantzeko erabili dituzte, eta erabiliko dituzte. Azken asteetan, espedizioko kideei egin beharreko elkarrizketak prestatzen aritu dira. Hala, kobazuloak eta kobazuloen
garapena eta sorkuntza landu dute bereziki. Horrez gain, baina, honako eduki hauek ere landu dituzte: unibertsoa, hemisferioak, koordenatuak, ordu aldaketak, klima, klimogramak, eguraldia, erliebea…

Joan den astean ikasleek aukera izan zuten prest zituzten galdera guztiak egiteko eta zalantzak argitzeko. Espedizioko kideekin bideokonferentzia bidez izan zuten lehen elkarrizketa horretan denetarik galdetu zieten ikasleek: uharteko ezaugarriak eta baldintzak, egindako ikerketak, lortutako emaitzak, uharteko landaretza eta animaliak, espedizioko kideen lanak eta bizimodua…

Ultima Patagonia4

Txileko ikasleekin harremanetan

Urruneko lurraldearekin harremanetan jartzen diren lehen saioa baino ez zen izan, ordea, joan den astekoa. Oraindik beste bi konexio egingo baitituzte itsasoz bestaldera, martxoa edo apirila aldera. Hurrengo bi aldietan, baina, Punta Arenas (Txile) herriko ikastetxeko ikasleekin hitz egingo dute. Elkarrizketa horiek ere bideokonferentzia bidez izango dira. Ordurako, Euskal Herriko inguruneari buruzko lana prestatu beharko dute ikasleek. «Irun eta gure ingurua erakutsi beharko diegu Txileko ikasleei. Haiek, berriz, euren herria nolakoa den azalduko digute», azaldu digu Hernandezek. Txile eta Euskal Herria, Euskal Herria eta Txile. Hain urrun, eta hain hurbil. Ba al da modu interesgarriagorik munduan beste puntako ingurunea ezagutzeko?

Sobre el Autor

Asociación sin ánimo de lucro de Espeleología enfocada a la protección y defensa del médio subterráneo

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Calendario

agosto 2020
L M X J V S D
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31  
Share This