
Daren Cilau eta Aggy, Gales hegoaldean
Azkeneko astetan euri itzela izan denez, kobazuloaren barna bide zirkularra ezin egin eta Southern Stream Way-aren hasierara egin genuen joan etorria. Ordu pare bateko bide motza baina bariatua da: hasieran bide estu eta altua errekatxo bihurri baten gainean, saguzahar pila baten artean, gero harkaitz pilaketa baten barnean ibiliz bidea bilatu behar, eta horren ondoren Main passage-ra iritsi ginen. Pasabide nagusia bide zabal eta leuna da, ia korrika egiteko modukoa. Bertan interesgarria lurreko lokatz geruza lehorrak dira, eta hauen gainean hazi diren kristalak. Leze honen formazio politak askoz ere barnerago daude, baina hurrengo baterako utzi beharko ditut.
Igandean goiz ordu bateko paseotxoa eman eta aterpetik gora dauden eta aspaldian utziak diren harrobien artean ibili nintzen. Ondoren, sei lagun Daren Cilau-era joan ginen, albo batetik sartu eta sei ordu pasa ondren bestetik ateratzeko. Hasierako sarrera tunel txikia eta gogorra da, handienentzako gutxienez. Arrastaka ibili behar da 300m-tan zehar ur bidexka bat jarraituz eta arretaz ibili behar da guztiz ez bustitzeko. Ondoren Jigsaw passage eta Epocalypse way pasabide zabalagoak distantzian handian luzatzen dira. Berexiki, Urchin Oxbow bidean kristal oso polittak ikusten dira, triku animaliak ematen duten kristal xuri eta luzeak, esfera baten moduan jarritakoak, pena kamara ez nuela eraman egun horretan! Bidea bilatzen ibili ondoren, hiru bat eskailera ondoren, eta pare bat ordu pasa ta gero, Ogof Pen Eryr sarreratik irten ginen. Hurrengo batean kamara eramango bai. Hori bai bidai polita!
Aupa Aiora