
Jentiletxeta eta Apaineko meategiak
Taldeko lau kide izan ginen joan den asteartean Olatz inguruan, antzinako meategien bila. Bi leku desberdinetan zeuzkan prospektatuta Javik (gure geologo saltseroena), garai bateko meatze-ustiaketak. Arditurri eta Aralarren jaso degun esperientzia aprobetxatuz, Gipuzkoako eremu desberdinetan kokatzen diren ustiaketak ikertzeko prest gaude.
Jentiletxetako haitzuloetatik pasa ginen, oroimen genituen aspaldiko bisitak gogoratzeko, eta garai bateko katan gainaldean, lehen gizakiek utzitako arrastoak (lapa oskolak, zeramika zatiak eta hezurrak), ikus daitezke oraindik. Nahiko gertu, mendiaren ipar-magalean agertzen da meatze handi baten ahoa, sarrera bloke handi batez trabatua. 10m-ko soka bat naturalean instalatuz, konplikaziorik gabe jaisten gera beheko galeriara. Sarrerako bertikalpean eta ezkerraldean, laster bukatzen den galeri makur eta bihurgunetsu bat daukagu. Eskuinaldean berriz, hondakinez estalitako behera doan makur gelatxoa, hormak kuartzita kristalez josita. Bertikaletik aurrera jarraituz, galeri altu, zabala eta argitsua daukagu, goiko sabaia zeru argira doana. Bide nagusi hau paretan berriro sartzen denean, beste hiru galeriatxoetan banatzen da. Ezkerrekoa, mina-galeriak txikitu duen leize naturala da eta tximiniako hormak koladaz estalita ditu, baita lurrean daukan meandro bitxi bat ere. Eskuineko galeria, makurra eta maldaz behera doa, hau ere naturala; 20m arrastaka jaitsi ondoren, zutitu litekeen meandro estu batera iristen da, jarraitu ezinik. Aurrera segitu ezkero, berehala bukatzen da gizakiek egindako mina-galeria. Meategi nahiko modernoa dirudi eta ez degu gauza interesgarririk aurkitu.
Arno mendateko igoeran, Apaineko Donejakue bide ondoan, beste meatzegune interesgarri bat bisitatu genuen. Itsura oso onekoa, bide zahar honen ondoan dagoela kontuetan hartuta. Gainbegiratuta, garai bateko meategi arrasto ugari azaltzen dira eremu honetan: Arritzagan aurkitu ditugun zeru argira hustutako lubaki antzekoak, minerala kiskaltzeko labea, lehen izaten ziren bezain tamaina txikiko materialen hondakindegiak. Hurrengo bisitaren zain, zepa lagin bat jaso degu analizatzera bidaltzeko.