Urbasako barrunbeen bila (1)

Urbasaren lurpeko eremua obeto ezagutzeko, joan den astean ibilbide borobil bat programatu zen, barrunbe ezagunen bila. Interpretazio-zentrotik irten eta hego-ekialderantz abiatuta, errepidetik gertu aurkitzen da lehengo zuloa “arbolaren leizea”, horma batez babestua eta sarrera bertikal txiki batekin. Basoan sartu eta berehala topatzen da bigarrena, “Zozolangarriko leizea” hau ere horma batez babestua eta besteak zuen sarrera bertikala baino oraindik estuagoa. Agileta mendiko gailurrerantz norabidea aldatuz, hasieran pagadi nahiko garbian, identifikatu gabe dauden pare bat leize lokalizatzen dira. Igoera erdian azaltzen da txangoko paso ikaragarriena, 5 metroko horma bertikal batek mozten du progresioa, baina arrail batetik erraz eskalatu liteke eta gaineko balkoitik aurrera, nahiko markatua dagoen bidetik, baso itxi bat zeharkatzen da. Tontorretik gertu eta bitxurra honen eskuinaldean, harkaitz handi baten behealdean topatzen da txangoko lehen koba “Agiletako kobea”, sarrera makurra eta maldaz behera, dimentsio handiko galeri bakarra du kolada politez dekoratua, sabai altua eta goursak bukaeran. Harkaitz handi honen bestaldean eta metro oso gutxitara aurkitzen da famatua den “Agiletako 1001 leizea”, egun honetan bazebilen norbait barruan, sarreran instalazioa ikusten zenez. Maldaz behera mendebalderantz, baso zikin bat zeharkatuz, errepidera iritsi behar da berriro, kanpina eskuin aldean utzi eta pare bat kilometro aurrerago topatzen da bigarren kobazuloa “Kobagorri”, aterpe oso zabala baina garapenik gabekoa. Orain hego-ekialderako norabidea hartuta, baso batean “Basauntziturri” koba topatzen da, dolina txiki batean izkututa, sarrera nahiko makurra eta garapen motza, meandro aktiboa denez zoruko blokeen azpian lurpeko ur emaria ikusten da. Hego-mendebalderantz jarraitu eta basotik lautadara irtenda, gurdibidea azpitik zeharkatzen du “Lezamen” koba politak (Lubierriren antzekoa baina askoz txikiagoa). Jauregiaren norabidea hartuta, berehala azalduko da identifikatu gabeko gaurko azken leizea. Hogeita hiru kilometroko ibilaldi honetan gustiz hamaika haitzulo lokalizatu dira, Portukogaineko haitzetan dagoen beste aterpe bat gehituz.

Sobre el Autor

Asociación sin ánimo de lucro de Espeleología enfocada a la protección y defensa del médio subterráneo

Calendario

enero 2022
L M X J V S D
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31  
Share This