Intzartzuko leizea
Joan den asteburuan Troskaetan izan ondoren eta lurpeko ibilaldiekin jarraituz Intzartzuko (Ataun) haitzetan, Amabirjinaren haitzuloa geratzen zen gaurko bisitarako, batzuek izen honekin ezagutzen duten leize eder eta erraz hau. Sarrera sustraien artean ezin hobeto biribilduta eta pago handi baten itzalean, aurre-aurrean ikuspegi ederra begiesten den tokia Agauz eta atzean Larrunarri.
Taldeko 4 kide elkartu ginen eta inguru hauetan ohiko suertatzen ez den bezala, barrunbean Tolosako Oargi taldeko beste 5 espeleologoekin topatu ginen, Urtzi ezagun zaharra burukide bezela.
Materiala eta indarrak batera elkartuz, bukaerako galeriaraino aurreratu ginen guztiok, aurreratzea zailtzen duten arrapalak eta eskubandak instalatuz.
Leizeak altxortzen dituen eszentrika ederrek, koladak, putzutxoak eta marmolezko formazioak pilatuz jarraitzen du, baita birjinaren irudia (estalagmita antropomorfo handia), areto nagusiaren buru bezela.
Lur azpiko paisai paregabe hau iluntzen duen bakarra bukaeraldeko kolada pintura laranjekin zikinduta ikustea da, grafiteroen lan txoroak. Gainerakoa gaurko egoeran manten dadila itxaron dezagun denbora askotan zehar eta aipatutako barrabaskeria egunen baten garbitu ahal dezagun.