Urtiagako ur-sorburua, Kobalde eta Jentiletxetako kobak

Oporretako aste honetan taldeko bi kide egun pasa abiatu ginen Deba aldera espeleo-txango bat egiteko asmoekin. Itziarren hasi eta Mutrikuko Olatz auzoan bukatu. Udara denez eta uraren emari txikia aprobetxatuz, ur-sorburuak eta isurbideak izan ziren aukeratutako barrunbe aproposenak.

Urtiagako ur-sorburua:

Mendatako trokaren buruan eta autopistaren zubitik ipar-ekialdean 50metroko distantziara eta 25m altueran dago kokatua. Barrunbearen garapena 352metrokoa da eta 15metroko desnibela du.

Kobaren diseinua hasieran MHM-koa da gero M-ko norabidea jarraitzeko. Galeriaren lehen 70 metroak kanalizatuak dira, 1,5 m-ko zabalera eta 2,5 m-ko altuera, U alderantzizko sekzioekin eta autopista azpitik pasatzen da. Haitzuloaren galerian sartzeko 3 metroko ur-jauzia gainditu behar da. Kareharrizko horma trinkoak ditu estalaktita eta estalagmitaz apainduak. Galeria (2-3m-ko zabalera eta 4-5m-ko altuerakoa da) erraz ibiltzekoa, nahiz eta ur-jauzi txiki batzuk gainditu behar diren. Horrez gain, badira bi aldeetan goraka doazen beste galeriatxo batzuk tximinietan berehala bukatzen direnak.

Zelaietako muino azpitik pasatzen da eta pixkanaka horizontala bihurtzen da. Bukaeran urperatuta gelditzen da galería sifonatu arte.

Ahotik irteten den ura Mendatako beheko sakonera erroizten da iparralderantz jarraitzeko.

Kobalde:

Olatz, gutxi gorabehera, bi kilometroko bailara itxia da, Arnoko mendigune barnean kokatua.

Lengoaia geologikoan Olatz “polje” bat da, hau da, bailara itxura duen depresio karstikoa, mendialde malkartsu eta lurzoru zapala duena. Olatzen ezaugarri geologikoen artean, lurzoru karstikoan sortzen diren dolina edo hondoratze zirkularrak daude.

Bailara azaleko urak iragazten direnez, lur-azpiko sare bat sortzen da eta hortik, ura igarotzen da. Horren adibidea da San Isidro ermitaren inguruan dagoen eta Kobalde izenarekin ezagutzen den koba. Hara sartzen den errekak Arnoko mendigunea zeharkatzen du eta bere urak Deba itsasadarrean isurtzen ditu, Astigarribiako auzoan.

Leize honek 45 metroko desnibel eta 575 metroko garapena du.

Bizpahiru hilabete pasa dira Javi eta Jorge izan zirenetik. 500 metroko garapena lortu zutela eta oraindik esploratzeko galeri gehiago gelditzen zirela adierazi ziguten. Asmo horrekin joan gara baino gaurko honetan eta tartean izandako euri-jasekin, bai sarrera eta hurrengo katazuloak, enbor, adar eta zerrikeriez taponatuta zeuden eta kostata zabaldu genituen. Gure esperantza laster bukatu zen lehengo malda bertikalak jaitsi ondoren, jarraipena hondar eta harriekin blokeatuta aurkitu genuelako. Beste baterako utzi beharko degu, ea zorte pixka batekin ur korronteak garbiketa guzti hori lortzen duen…

Jentiletxetako Kobak:

Historiaurreari dagokionez, bertako biztanleen hondakin arkeologikoak aurkitu ziren inguru honetako kobazulotan. Koba hauek Jentiletxeta (I, II eta III) dira. Hirurak lapiaz ingurutsu batean daude kokatuak, zati batez kantauri artadiez sakabanatuta eta horrek ematen dio forma Arrigorrieta mendi bizkarrari. Hau Mendibeltzuburu mendiko hego-mendebaldeko magalean dago, bertan antzinako etxola baten hondarrak ikusi ahal izango ditugu.

Jentiletxeta I:

Aipatutako bordatik, ekialdeko 100 metrotara dago, kareharrizko banku handi baten azpian eta artadi baten basoan. Dolina handi bat agertzen da bere oinetan eta honen ertz batean Aritza (Ziñua) baserria, hemendik ere abiatu liteke kobaren bila. 260m-ko altueran kokatua. Galeri estu bat da, “S” tankerakoa, 2 m-ko zabaleko sarrera eta 3,5 metroko altuera. 14 m-ko luzera, hego-mendebaldera begira. 1927an aurkitu zuten eta egoera ona du. Brontze Neolitiko hainbat material aurkitu ziren, zeramika nahi harrizko tresnak (gezi, karraka, malutak, etab), apaingarriak (harri bitxiak, oskola zulatuak, etab.), antropologikoak (hortzak), fauna (ugaztun eta moluskuen fosil aztarnak).

Jentiletxeta II:

Aurrekoaren ondoan dago eta 1927an aurkitua ere. Bere indusketa 1936an hasi zen, baina gerra zibilengatik gelditu behar izan zuten. Sarrerak 2 metroko zabalera eta 3,5 metroko altuera du atari batera sartzeko, eta leiho natural batekin argiztatuta dago. Gela honen behetik, galeri meandro estu batetik jarraitzen du oraindik beste 100 metroz, hego-ekialde norabideekin. Bere kontserbazio-maila ere ona da eta aurkitutako materialen aniztasuna adierazitako Jentiletxeta I. baino txikiagoa. Saguxarrak zeuden.

Jentiletxeta III:

Barrunbe hau ere karst konplexu honetan aurkitzen da, besteengandik metro gutxitara. Haitzuloaren sarrerak 0,80 metroko zabalera eta 1,75 metroko altuera du, eta galeri estu eta bihurgunetsu batera iristen da. Zorua beherantz doa eta sarreratik 15 metrora bitan banatzen da. Hemendik beste bi galeri estuekin jarraitzen du (gutxitan gaindituko du metro bateko zabalera), eta 50 m garapen osoa. 1997ko azaroaren 8an, Azkoitiko, Munibe Taldeak aztarnategia aurkitu zuen eta hainbat material arkeologiko jaso zituen azalean, zeramika zatiak batez ere. Hemen ere saguxarrak ikusi genituen.

Sobre el Autor

Asociación sin ánimo de lucro de Espeleología enfocada a la protección y defensa del médio subterráneo

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Calendario

octubre 2021
L M X J V S D
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031
Share This