
Beinez meategia
Andoaineko Burdina taldekoekin batera, Leizaraneko bailaran izan ginen zazpi kide, joan den larunbatean, Beinez meategian.
Bi taldeetan banatuta, burdin mina-zuloa aztertzen ibili ginen; batzuk argazki lanetan eta besteak galeriak topografiatzen. Sarrera nagusitik metro batzuetara ikatz aztarnak aurkitu ziren. Meategiko ale batzuk jaso eta karbono 14-aren testak egiaztatuko digu aroaren datazioa. Bitartean eta datu zehatzik gabe, ikertuta dauzkagun Arditurriko erromatarren meategiekin parekatuz, antzekoak direla pentsa genezake.
Bi sarrera ditu kota desberdinetan, sarrera nagusia bigarren solairuan kokatzen badegu, hamar bat metroko galeri horizontalekin jarraitzen du lehen bertikaleraino, eskala baten laguntzaz lehen eta beheko solairura jaitsi liteke, bigarren sarrera azken solairu honetan kokatzen da. Galeri nagusia lehen solairutik jarraitzen du eta hamabost metro aurrerago, katazulo bat beherantz zeharkatuz eta norabide kontrakoan, beste 10 metroko galeri batera iristen da. Beheko galeri hau urperatuta dago, horma beltzekoa eta lixibatutako mineralengatik ura kolore gorriz tindatua.
Barrunbea oso polita da, garapena ez oso luzea, hiru solairu desberdinetan banatua eta galeriak burdin zaina jarraitzen dute, tarteka sei metroko altuerekin.
Aipatu degun bezela, burdin mehatzea denez, kolore ilunetako espeleotemak ditu eta herdoilen gorritasuna nagusitzen da hormetan.
Saguzar bikote baten etxebizitza da momentuz. Bigarren sarreraren azpian, bi metro beherantz, beste hirugarren galeri makur bat dago, hau ere urperatuta eta ez degu aurkitu besteekin loturik ote duen.